euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabuco: Guillermo Larregui Euskal Etxeak topa egin du bere 35 urteengatik eta jai handi batekin ospatuko du uztailean

2024/06/25

Barnetchegaray Echave familiak Euskal Etxeko zeremonia banderen babeslearen figura inauguratu zuen joan den ekainaren 20an
Barnetchegaray Echave familiak Euskal Etxeko zeremonia banderen babeslearen figura inauguratu zuen joan den ekainaren 20an

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Guillermo Larregui Euskal Etxearen sorrera data esanguratsua da Argentinan, izan ere, aberri-data nagusietako bat ere bada-eta, Banderaren Eguna, hain zuzen. Joan den ekainaren 20an Chacabucoko Euskal Etxeak 35 urte bete zituen eta aurtengo ospakizunak ezaugarri bereziak izan zituen. Uztailean jai handi batekin ospatu behar dute, baina bitartean, ohiko topa eginez ospatu zuten eta, Argentinako efemeridearekin bat eginez, bi zeremonia-banderen, argentinarra eta ikurrina, aldatzeko ekitaldia egin zuten.

Ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan zen. Juan Cruz Zubeldia lehendakariak Euskal Etxearen hastapenak gogoratu zituen eta bere ibilbidearen errepaso azkarra egin zuen. Bertaratutako batzuek euren bizipenekin lotutako pasadizoak kontatu zituzten. Lehendakari ohiak gogoratzeko hitzak ere izan zituzten eta, ondoren, Euskal Etxeko banderen berritze ekitaldian, aitabitxi-amabitxien aurkezpena egin zuten. Bilera bukatzeko, topa egin zuten eta datorren hilean egingo duten festa handia iragarri zuten.

Bi urtean behin Euskal Etxeko zeremoniako banderak aldatzen ditu "Guillermo Larregui"k. Aurten, elkarteko bandera berriekin osoki edo partzialki kolaboratzen duen pertsona izendatzeko asmoz, aitabitxi-amabitxien figura inauguratu dute. Oraingoan, Carolina Echave eta Walter Barnetchegaray senar-emazteek, biak Zuzendaritza Batzordeko kideak, eta haien alabek osatutako familiari egokitu zitzaion.

35. urteurrena: festa afari-show batekin

Urteurreneko afaria uztailaren 13an, egingo da, larunbata, 21etan, eta ikuskizun interesgarri bat eskainiko du. Etxeko dantza talde biek, dantzari helduenak eta txikienak, euskal dantzen erakustaldia egingo dute eta ondoren kontzertua eskainiko du Chacabucko bertako "EnCanto de Mujer" taldeak, Laura Albamonte, Silvana Rubino, Ana Palma eta Griselda Chari partaide dituela. Horrez gain, neguko tenperatura baxuei mugimendu askorekin aurre egiteko, dantzaldia herrikoi bat iragartzen da. Menuak pintxoak eskainiko ditu eta, plater nagusi gisa, tripakiak bizkaitar erara, edo kaneloiak, alternatiba gisa. Postrea, izozkia. Txartelak $ 15.000 balio du, edaria barne.

Zorionak Guillermo Larregui Euskal Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia