euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chabel Garanzini Mendiola ‘Sangre Vasca’ bere liburuaz mintzatuko da astelehenean ‘Entre Vascos’ irratsaioan

2021/09/09

Chabel Garanzini Mendiola euskal-argentinarrak bere familiaren istorioa kontatzen du 'Sangre Vasca'n
Chabel Garanzini Mendiola euskal-argentinarrak bere familiaren istorioa kontatzen du 'Sangre Vasca'n

PUBLIZITATEA

Sarmiento, Argentina. Sangre Vasca (Euskal odola) liburuak Antonio Mendiola Burruchaga eta Milagros Garcia Mendizabal senar-emazteen eta euren alaba gazteena zen Miren Edurne Mendiola Garciaren --egilearen ama berau-- istorioa kontatzen du. Idazlearen aurrekoek, Amerikara egindako bidaian eta Amerikan egindako bizitzan sakontzen du. “Gure aitona Juan Antonio Gerra Zibilean zendu zen eta bere alargun Milagrosek ondoko egoeratik eta Bigarren Mundu Gerraren pobreziatik ihes egiteko erabaki zuen emigratzea”, kontatzen du ‘Chabel’ izengoitiarekin ezaguna den Maria Isabel Garanzini Mendiolak.

“Gure aitonak familia zeukan Santa Fe probintziako Rafaela, Las Rosas eta Cañada de Gómez herrietan eta horregatik etorri zen amona hona. Gure amak andereño izateko ikasi zuen Rafaelan eta osaba Andonik zelaian egin zuen lan, neroni bizi naizen herritik gertu, Sarmienton. Eta hantxe hasi zen dena”, azaltzen digu Chabelek.

Chabel ez zen hazi euskal-argentinar elkarteekin harremanetan –Sarmienton ez dago euskal etxerik–, baina etxekoek bere sustraiekiko maitasuna irakatsi eta transmititu zioten. “Haurra nintzenetik entzun nituen arbasoen bizitzako istorioak, amonak kontatuak. Izeba Maryk ere etengabe aipatzen zigun bere jaioterria eta berak erakutsi zigun euskara eta Euskal Herriko geografia, musika, ohiturak, mitoak, eta kantak maitatzen. Niretzat euskalduna izatea gauza horiek ezagutzea eta maitatzea dela uste dut”, adierazi digu.

Sangre Vasca arte ez zuen libururik idatzi. Hala ere, “ez ahazteko beharrak” eta pandemiak eta itxialdiak sortutako “denbora eta espazio intimo” hori baldintza ezin hobeak iduditu zitzaizkion aspaldiko proiektuari ekiteko.

“Baneukan familiaren historia idazteko ametsa", onartzen du. Horren aurretik Bilbo eta Zugaztieta ezagutzeko bidaia egin nuen eta leku horiek ikustean ulertu nuen nire arbasoen herrimina. Gero erretiroa hartu nuenean --haur eskolako irakasle izan naiz 2019raino-- idazteko momentua iritsi zitzaidala iritzi nion. Eta liburua hori da: zirrara emozionala; arbasoen oroitzapenak gordetzeko erabaki argia, datozen belaunaldiek ere ezagut ditzaten. Eta euskaltasunaren harrotasuna eta segida erakusteko modu bat ere seguruenik”.

Chabel Garanzinik ez du oraindik liburua ofizialki aurkeztu baina laster egingo du herriko hedabideetan. Horrez gain, datorren astelehenean, irailaren 13an, elkarrizketa egingo diote Comahueko Euskal Etxeko Rafa Molina eta Sebastian Inzunzak Megafon Irratian egiten duten ‘Entre Vascos’ irratsaioan , Argentinako 20:00etan, Euskal Herrian astearte goizaldeko 1:00 denean.

Sangre Vasca online eros daiteke, HomoSapiens argitaletxearen denda birtualean, link honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia