euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cesar Arrondo irakasleak bihar eta azaroaren 8an aurkeztuko du Buenos Airesen “Hipolito Yrigoyen”, bere azken liburua

2017/10/31

“Hipólito Yrigoyen, primer centenario de la soberanía popular (1916-2016)” liburuaren aurkezpena La Platako Unibertsitatean
“Hipólito Yrigoyen, primer centenario de la soberanía popular (1916-2016)” liburuaren aurkezpena La Platako Unibertsitatean

PUBLIZITATEA

“Hipólito Yrigoyen, primer centenario de la soberanía popular (1916-2016)” (Hipolito Yrygoyen, herri burujabetasunaren lehenengo mendeurrena) du izena Cesar Arrondoren liburu berriak eta La Platako Unibertsitatean aurkeztu ondoren hiriburuan jendaurreratuko du historialariak bihar, asteazkena, azaroaren 1ean, Buenos Airesko Union Civica Radical alderdiaren batzorde batean, eta astebete geroago, 8an, hiriko Iparraldeko Euskal Etxean. Testuan, Yrigoyenen euskal sustraiak eta Argentinako presidentziara iristeko egin zuen bidea jorratzen ditu irakasle euskal-argentinarrak.

Buenos Aires, Argentina. Urriaren 12an aurkeztu zuen Cesar Arrondok “Hipólito Yrigoyen, primer centenario de la soberanía popular (1916-2016)” liburua La Platako Unibertsitate Nazionalean. Ekitaldia Zuzenbide Fakultateko bi katedra askek antolatu zuten: Ricardo Balbin eta Hipolito Yrigoyen izenekoek.

Union Civica Radical alderdi politikoaren erreferentea izan zen Hipolito Yrigoyen hartzen du Arrondok liburuan ikergai. Helburua, Yrigoyenenen lehenengo presidentziaren mendeurrenean omenaldi bat egitea. Irakasle lapridatarrak EuskalKultura.com-i laburtu dionez, “hasieran Yrigoyen familiaren historia kontatzen dut, euskal jatorria azpimarratuz. Izan ere Iparraldekoak ziren Yrigoyendarrak, Sara herri lapurtarrekoak hain zuzen. Testuaren bigarren zatian Yrigoyen politikara nola hurbildu zen, UCR alderdiaren sorrera eta 1916ko hauteskundeak garatzen ditut. Gogora dezagun 1916ko hauteskundeak Saenz Peña legearen ondoren egin ziren lehenengoak izan zirela; horrek esan nahi du Hipolito Yrigoyen izan zela demokratikoki hautatu zen Argentinako lehenengo presidentea”, baitesten du Arrondok.

Liburua idazteko hainbat iturri kontsultatu ditu adituak; nagusietako bat, La Platako El Día egunkaria. “Hortik atera dut hauteskunde kanpaina harekin lotutako informazioa, eta Yrigoyenek irabazi eta geroko ospakizunekin lotutakoa”, jakinarazi digu idazleak.

Aurkezpenak eta banaketa

Cesar Arrondoren liburu berria La Platako Servicoop argitaletxeak argitaratu du eta eskuratzeko Cesar Arrondori eskatu behar zaio zuzenean, liburua momentuz ez baita eskuragai egongo liburudendetan. Beraz, interesatuak idazlearekinharremandu daitezke emailez (cesar2011@gmail.com) edo pertsonalki, egingo dituen aurkezpenetan. Azaroan bi ekitaldi egingo dira Buenos Airesen: biharkoa, Union Civica Radical alderdiaren ‘Catedral al Norte’ batzordean izango da, hiriburuko Rodriguez Peña kaleko 570. zenbakian, 19:30etan; eta bigarrena azaroaren 8an, arratsaldeko 7etan, hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxean, Moreno kaleko 1370. zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia