euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cerebral Effusion musika talde ermuarra, AEBetako Las Vegas Deathfest-eko kartel buru hautatu dute

2015/05/20

Cerebral Effusion-en musika ez da irrati komertzialetan entzuten den horietakoa, muturreko metala jorratzen baitute, baina AEBetan egingo duten birak eta Las Vegas Deathfest jaialdiko buru izateak buletin honen interesa piztu du (Argazkia: C.E.)
Cerebral Effusion-en musika ez da irrati komertzialetan entzuten den horietakoa, muturreko metala jorratzen baitute, baina AEBetan egingo duten birak eta Las Vegas Deathfest jaialdiko buru izateak buletin honen interesa piztu du (Argazkia: C.E.)

PUBLIZITATEA

Ekainaren 13an hasi behar duten AEBetako birarako prestaketa lanetan daude Cerebral Effusion-eko lau musikariak. Eurak Kosme dira, baxua eta ahotsa; Pe, gitarra; Jabo, gitarra; eta Eihar, bateria; eta muturreko metala jotzen dute. Bira trinkoa daukate, hamahiru kontzertu hamahiru egunean: “Egurra gustatzen zaigu!”, aitortu dio Eihar Unamunok EuskalKultura.com-i. Las Vegas Deathfest jaialdian egingo dute lehen geldialdia, kartel buru legez: “Oso kontzertu berezia izango da guretzat”.

Ermua, Bizkaia. Cerebral Effusion-en musika ez da FM irratietan usu entzuten den horietakoa, baina jarraitzaile andana daukate, Facebook-eko beren orriak dituen 18.000 atsegiteek erakusten duten moduan. Bost disko kaleratu dituzte hamazazpi urtean eta Europa zein AEBetan zuzeneko mordoa eskaini izan dituzte. Ekainaren 13an hasiko dute aurtengo AEBetako bira, Las Vegas Deathfest jaialdiko kartel buru legez jendaurreratuta lehenbiziko egunean.

“Oso kontzertu berezia izango da guretzat. Ohorea da tamaina honetako festibal bateko kartel buruak izatea AEBetan. Imajina ezina izango litzateke hau guretzat duela urte batzuk”, dio Unamunok. “Orain arte egindako lan guztiagatik jaso genezakeen saririk onena izan da. Abesti zerrenda aberatsa prestatuko dugu, eta jendearen erantzuna ona izatea espero dugu”.

Eta seguruenik hala izango da, taldearen jaiotzetik baitaude musikari hauek AEBekin lotuak: beren lan guztiak disketxe estatubatuarrekin kaleratu dituzte. “Baina ez da aurretik pentsatutako erabaki bat izan", azaldu digu musikariak. ·Brutal Death-aren harrobia AEBetan dago eta, esango nuke, bertakoak direla zigilu gehienak. Nahiz eta, egun, eta bereziki Interneti esker, dena globalizatu egin den”.

Gogotsu, bira gogorra izanagatik

Esfortzu fisiko handia egiten dute musikariek Cerebral Effusion-eko kontzertu bakoitzean, beraz, hamahiru zuzeneko hamahiru egunean kontu latza dela argi dago. “Baina prest gaude horretarako, gainera, gustuko lekuan aldaparik ez”. “Ilusio handia ematen digu ere gurekin joko duten taldeekin aritzea”.

Euskal Herriko muturreko metal eszenan “kalitate handiko taldeak” daudela aitortu du bateria jotzaileak. Hala ere, AEBetakoarekin “konparatzerik ez” dagoela deritzo, hangoak baitira “aitzindariak”.

Gauzak horrela, kontzertuetara animatu nahi ditu Unamunok inguruetan ibiliko diren euskaldun guztiak, “egurra gustatzen bazaie”, behintzat. 

Cerebral Effusion – AEBetako bira 2015

Ekainak 13: Las Vegas, Nevada. Las Vegas Deathfest
Ekainak 14: Scottsdale, Arizona. Rogue Bar
Ekainak 15: Alburquerque, New Mexico. Blu Phoenix
Ekainak 16: Midland, Texas. Kamiposi
Ekainak 17: San Marcos, Texas. The Space Lab
Ekainak 18: Dallas, Texas. Reno's Chop Shop
Ekainak 19: Oklahoma City, Oklahoma. The Conservatory
Ekainak 20: Kansas City, Missouri. The Riot Room
Ekainak 21: Denver, Colorado. Herman’s Hideway
Ekainak 22: Salt Lake City, Utah. Metro Bar
Ekainak 23: Sacramento, Kalifornia. Blue Lamp
Ekainak 24: Ventura, Kalifornia. Mega Sound Studios
Ekainak 25: Los Angeles, Kalifornia. The Airliner



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia