euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cecilia Corcuera Berasategui: Bigarren Mundu Gerran AEBetako Armadan izena eman zuen lehenengo euskal emakumea

2020/11/02

Arabako Araia-Maeztun jaio zen Cecilia Corcuera Berasategui 1916an
Arabako Araia-Maeztun jaio zen Cecilia Corcuera Berasategui 1916an

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Sancho de Beurko Elkarteak Bigarren Mundu Gerran (BGM) Ameriketako Estatu Batuetako Armadan militar aritu zen Euskal Herrian jaiotako lehenengo emakumearen izena jakinarazi du. Bere ikerketen ondorio lortu ahal izan duen emaitza da: Cecilia Corcuera Berasategui Arabako Araia-Maeztun jaio zen 1916an.

Carmen Arabia i Gironés katalanarekin batera (Sant Feliu de Guixols, Girona, 1905ean jaioa), orain arte Espainiako Estatuan jaiotako bi emakume beterano bakarrak dira. Bai Corcuera bai Arabia Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuten gurasoekin haurrak zirela. Cecilia New York estatuko Amsterdam hirian hazi zen, eta Carmen New York hiriko Brooklyn auzoan. Hiru asteko aldearekin, 1943ko udaberrian, urtebete lehenago sortua zen Armadako Emakumeen Kidegoan eman zuten izena, 150.000 emakume kide izan zituen Armadaren adarrean..

Corcuera eta Arabiaren istorioa biltzen duen Hau ere nire gerra da! artikuluaren egile eta Fighting Basques: Bigarren Mundu Gerrako Txostena proiektuko zuzendari Pedro J Oiarzabal eta Guillermo Tabernillak emakumeek gerran egin zuten funtsezko lana aldarrikatzen dute. "Emakumearen sartzea AEBetako gerra tresnerian, zibilean zein militarrean,  salbuespenekoa izan zen, baina erabakiorra gatazkaren bilakaeran". Bi ikertzaileek "etorkizunean Corcueraren arma-kide izan ziren euskal jatorriko beste askoren izenak azaltzea" espero dute, "Euskal Herrian edo AEBetan jaio eta BMGn parte hartu zutenak".

"Fighting Basques" proiektu aitzindariak, Ipar Amerikako Euskal Erakundearen (NABO) babesa dauka eta Pirinioetako bi aldeetako euskal emigranteen eta haien ondorengoen (bigarren graduraino) esperientziak aztertzen ditu, euskaldunak bezalako gutxiengoek BMGn izan zuten partaidetza hobeto ezagutzeko. "Fighting Basques"ko ikerketa taldeak AEBetako indar armatuetan aritu ziren euskal jatorriko 800 beterano baino gehiagoren biografiak bildu ditu dagoeneko, AEBetako eta Euskal Herriko euskal komunitateen historia eta oroimenean sakonduz. "Parerik gabeko erronka, kontuan hartuta orain dela gutxi arte", dio Oiarzabalek, "euskal historiografiak euskal jatorriko beterano gutxi batzuk baizik ez zituela islatzen AEBetan, izaera anekdotiko argiarekin; hori guztia, orain, ikerketa honen emaitzak ikusita, bere pisuagatik erortzen da".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia