euskal diaspora eta kultura
2009/05/13
PUBLIZITATEA
Tandil, Argentina. Maria Cecilia Cenoz andere Lehendakari berriarekin mintzatu gara. Atseginez erantzun die Euskal Etxean egin duen ibilbideaz eta aurrean dituen erronkez luzatu dizkiogun galderei.
-Zenbat denbora da Euskal Etxean sartu zinela eta zertan ibili zara EEan orain arte?
Nire seme-alabak Valeria Aramburuk haur txikientzat ematen zituen saioetara eramaten hasi nintzenean hurreratu nintzen Euskal Etxera. Honela bazkidetu nintzen, oker ez banago 2000. urtean. Geroago, 2002an, euskara eskoletara joaten hasi nintzen. Horretarako trabatu ondoren, 2006an euskara irakasten hasi nintzen Valeria Aramburu eta Maria Beatriz Poumé-rekin batera, eta horretan segitzen dut gaur egun ere. 2005ean eta 2006ko zati batean Gure Abestiak abesbatzan ere hartu nuen parte.
Xuxen ez naiz ongi oroitzen, baina 2005 edo 2006an Zuzendaritza Batzordeko bileretara hasi nintzen joaten, entzule gisa, eta 2007an batzordekide ordezko izan nintzen, 2008an batzordekide titular bilakatzeko.
-Nola ikasi zenuen euskaraz?
Aurrez-aurreko eskoletara joan nintzen Valeria Arambururekin 2002 eta 2003an. Gero, 2004ko urtarrilean lehenengo barnetegira joan nintzen, La Plata hirian eta urte hartako martxoan urruneko ikastaro bat hasi nuen internetez HABE eta FEVAren arteko itun bat medio, Argentinan Euskaraz ekimenaren baitan, irakaslea Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide euskaltegian nuela. Geroztik, zortzi barnetegi egin nituen Argentinan (birritan urtero, urtarrilean eta uztailean) eta 2008ko urtarrilean Euskal Herrira joan nintzen sei hilabeterako, Lazkaoko Maizpiden ikasteko. Lazkaotik gertu dagoen Ordiziako familia batean egon nintzen apopilo. Etxeko nagusia irakasle zen Lazkaon.
-Nola ikusten duzu egungo Euskal Etxea eta garatzen dituen ekimenak?
Uste dut, nahiz eta jende gutxi partaide, Etxeak ahal eta ekimen gehien egiten duela. Eraikin ederra daukagu eta oso instalazio erosoak. Bisitari bat baina gehiagori entzun diot zertarako halako eraikina bertaratzen direnak gutxi badira. Uste dut lan egin beharra dagoela txikienak erakartzen, gerora gazte izango baitira; eta gazteak erakartzen, gerora eurak izango baitira egile eta eragile. Zoritxarrez, EEra datozenen artean, belaunaldi bat edo bi falta zaizkigu. Nire iritzi pertsonala da, jendea, geratu eta zer egin zitekeen begiratu ordez, alde egin zuela edo etxean gelditu zela, hori askoz erosoagoa baita. Oso erraza da besteek egiten dutenaz kexatzea, norberak deus egin gabe. Kritikatzeko, egin egin behar da, eta egiten jakin behar da, eta horretarako trebatu, eta dauden ondoan egon.
-Ze espero duzu edo zer gustatuko litzaizuke egitea Euskal Etxean hasten ari zaren zeregin berritik?
Zeregina arduraz eta koherentziaz betetzea espero dut, baina gehienbat maitasun handiz, nik asko maite baitut Euskal Etxea, eta nire aitatxi etorri zen herrialdearekin zerikusia duen edozer. Ez nuen aitatxi aurrez-aurre ezagutu, baina bai aitak berari buruz kontatzen zizkidan gauzen bidez. Berarengatik hasi nintzen euskara ikasten, aitatxiren hizkuntza mintzatu nahi nuelako eta horrexek nauka orain hemen, bere ausardia eta kuraia ohoratzeko sorterria, Euskal Herriko herriska tipi hura eta familia utzi eta 18 urte besterik ez zituela Amerika bezalako leku urrun eta ezezagunera etortzeko, zeozer hobearen bila, edo okerragoa, ezin baitzen jakin!, batere jakin gabe zerekin egingo zuen topo. Hori bai dela zailtasunei aurre egiteko kuraia!
-Ze beste erantsiko zenuke?
Eskerrak eman nahiko nituzke, lehenengo eta behin Isidro Legarreta eta bere emazte MariCarmeni, nigan pentsatzeagatik, konfidantza hau emateagatik, Batzordean toki bat egiteagatik; eta baita Zuzendaritza Batzordeko gainerako kide guztiei ere, Bereziki Juan Beguiristain-i, eurak ere baiezkoa eman baitzioten proposamenari eta sustengu handiena eman baitidate kudeatze lan honetan, hau, ordea ez da nire meritu bakarra, ez da sekula bilerak zuzentzen dituena bakarrik, guztiona da, eta honela ikusi behar dela uste dut. Uste dut hori jakinarazi nahi digutela Isidro Legarretan eta gainerakoek honekin, bidea zabaltzen digutela pixkat gazteago garenoi, tokia uzten digute eta onartu behar dugu Euskal Etxean, Euskal Etxearen alde lan egiteko. Ezin dugu luzaron beste norabaitera begiratzen segitu!
Zorionak Cecilia!!!! Ziur nago oso ondo beteko duzula zure lana. Besarkada handi bat Euskal Herritik!!! Iraia
Iraia Biteri, 2009/05/13 20:54
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus