euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cástor Narvarte Arregui, Euskadiko Orkestrako musikaria: "Euskal Herrian aurkitu dut nire lekua"

2007/09/24

Castor Narvarte Arregui musikaria Buenos Airesen eginiko elkarrizketan (argazkia EuskalKultura.com)
Castor Narvarte Arregui musikaria Buenos Airesen eginiko elkarrizketan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Cástor Narvarte Arregui Txilen jaio zen eta zortzi urterekin hasi zen musika ikasten, etorkizunean Donostiako orkestra bateko partaide izateko ametsarekin. Ametsa egia bihurtu da eta egun Narvarte Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) biolajolea da. Orkestrak Brasil eta Argentinan barrena bira bat egin berri du egunotan eta Buenos Aireseko azken kontzertuan biolajoleak tarte bat egin zuen EuskalKultura.com-ekin mintzatzeko. Hurrengo elkarrizketan Narvartek musika munduan Txilen emandako pausoak gogoratzen ditu eta Euskal Herrian bizitzea eta EOSeko kide izateak berarentzat duen esanahia azaltzen du.

Sabrina Otegui, Buenos Aires. Zortzi urterekin hasi zituen musika ikasketak Cástor Narvarte Arreguik Txileko Unibertsitateko Musika Kontserbatorio Nazionalean. Ondoren biolan espezializatzera bideratu zuten ikasketa teoriko eta praktikoak egin zituen. "Txileko Unibertsitate Katolikoko biola irakasleak instrumentu honi lotzeko aholkatu zidan, bere ustez biola jotzeko ezaugarri egokiak nituelako, eta nik uste asmatu zuela", azaldu du EuskalKultura.com-ekin eginiko elkarrizketan.

Narvarteren familia eta ingurua oso musikazalea izan da betidanik --osaba Antonio Narvarte Sanz soinujole ezaguna izan zuen Txilen-- baina Castorren esanetan gurasoei zor die musikari bihurtzeko gogoa piztu izana: Cástor Narvarte Sanz filosofoak eta Elena Arregi Recondo emazteak pianoa jotzen zuten eta musikazaletasuna erein zuten seme-alaben artean. 'Nik beti esaten dut amari zor diodala nire karrera, berak erakutsi zidalako musikari izateko behar den diziplina'.

Txileko hastapenak

Cástor Narvarte Arreguik Txilen hasi zuen bere ibilbidea, eta bertako Orkestra Filarmonikoan eta Unibertsitate Katolikoko Ganbara Orkestran aritu zen. 1983an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak antolatutako lehiaketa batean parte hartu eta aukeratu egin zuten. Harrez gero orkestraren bira guztietan hartu du parte. Oraindik zirraraz gogoratzen du Bartzelonako lizeoan egin zuen lehen emanaldia, 'denak zutik zeudela Agur Jaunak jo genuenean'. Alemanian, Suitzan, Frantzian, Brasilen, Argentinan, Txilen, Austrian, Ingalaterra eta Eskozian izan da eta 30 bat grabaketetan hartu du parte.

 

[Goiko irudian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Buenos Airesen, Brasil eta Argentinara joan den astean burutu berria duen bidaian]

Donostian bizi

Donostian bizi da Narvarte Arregui Euskadiko Orkestran sartu zenetik eta bertan etxekotu da. Ohartzen da bere aiton-amonek egindako ibilbidea, baina alderantziz egin duela eta hunkituta gogoratzen ditu haiek kontatutako pasarteak: 'Nire amaren familia adibidez, XIX mende bukaerako emigrazioaren parte izan zen, eta gogorra izan zen haientzat. Ezer ez zutelako etorri ziren Amerikara; aitaren aldekoak, berriz, nire Narvarte aiton-amonak burgesak ziren eta familia osoarekin batera etorri ziren; baina amaren aitona Arantzazuko artzain bat zen eta Bilbon lanean ibili ondoren Ameriketarako bidea hartu zuen', azaltzen du.

'Maiorazko sisteman baserriaren jabegoa seme edo alaba bakarrari zegokion eta gainerako anai-arrebetako askok emigratu beharra izaten zuten. Bidaia horiek gogorrak izan ohi ziren eta nire amonak beti gogoratzen zuen Andeetan zehar asto gainean etorri zenean aurpegia erori behar zitzaiola pentsatzen zuela, halakoa baitzen egiten zuen edo sentitzen zuen hotza'.

Bueltako bidean

Narvarte Euskal Herrira itzultzeko bidea xamurragoa izan zen eta bere eta bere seme-alaben adaptazioa oso erraza izan omen zen. 'Euskaradunak dira biak eta euskaldunak sentitzen dira doaike', azaltzen du. 'Ezin liteke bestela izan. Ni euskalduna sentitzen banaiz, nola ez beraiek, bizi osoan Euskal Herrian bizi izanik. Gu Txilen bizi ginenean ghetto moduan bizi genuen euskalduntasuna', dio. Itzultzea beti gogoan bizi diren erbesteratuen bizimodua liteke. 'Haurrei kantuak kantatzerakoan ez dizkiezu seaska kantu txiletarrak kantatzen, euskaldunak baizik. Indar handiz eta sakonki bizi duzu euskaldun izatea. Egoera horretan puztu ere egiten da zeure euskalduntasunarekiko harremana', irizten dio.

Agian horrexegatik 12 urte zituenean Castorrek arrebari aitortu zion bere ametsa Donostiako ganbera orkestra batean jotzea zela. 'EOS ez da ganbera orkestra, baina bai sinfonikoa; hamabi urterekin amets hori nuen jada eta geroztik betetzeko aukera izan dut. Batzutan nire izaera Txilen arrotza gertatzen zela sentitzen nuen. Orain ordea, Euskal Herrian, albokoarekin haserre egon naiteke, baina harreman gehiago dugula sentitzen dut; izaera kontua da'.

Txileko Diasporako kide aktiboak

Datuek baieztatzen dutenez, Narvarte Arreguitar senideak euskal munduarekin daukaten harremana muga eta kilometroen gainetik dago. Izan ere Castorren bi anaia Diasporako kide bereziki engaiatuak dira: Jose Maria, Santiagoko Euzko Etxeko presidentea da eta Javier, berriz, albaitaria, Renoko Zazpiak Bat Basque Clubekoa, Estatu Batuetan.

Cástor, bere aldetik, pozik agertu da Ameriketan bira egiteko aukera berri honengatik eta atinamerikar entzulegoa 'oso abegikor eta adierazkorra' dela baiesten du. Ez du batere ahazten bere formakuntza Txilen egin zuela, eta bertan musikari handiak daudela azpimarratzen du. Baina, bera pozik eta harro bizi omen da Euskal Herrian, kontent. 'Harrotasuna ez da bakarrik Euskal Herrian bizitzeagatik, bertan dagoen bizimodu eta bizi mailagatik ere baizik. Nik, argentinar filma harek zioen bezala, 'bertan aurkitu dut nire lekua munduan''.

Lotura interesgarriak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa-Orquesta Sinfónica de Euskadi (EOS)
www.euskadikoorkestra.es

Aita Madinaren 'Orreaga'rekin bukatu zuen bira amerikarra EOSek
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005ko irailaren 20ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia