Viedma, Argentina. Eguzki kiskalgarri baten erasopean, Viedma eta Carmen de Patagones hirietako euskaldunak biltzen dituen Aberri Etxea euskal elkarteko talde kopurutsu batek hartu zuen parte joan den larunbatean Carmen de Patagones-en,1827ko martxoaren 7ko bataila oroitzeko bertan egin ohi den desfilean. Ospakizunean, Brasilgo Inperioaren erasoaren aurreko argentinar subiranotasunaren defentsa gogoratzen da.
Termometroak markatu zituen 38 graduak ez ziren nahikoa izan Euskal Etxeko bazkideak kikiltzeko eta harro hartu zuten esku, bertako beste hainbat elkarte eta partaiderekin batera Patagoniako nortasuna harro aldarrikatzen. Euskal ordezkaritzako partaide, haur tailerreko umeak, Lagun Onak-eko dantzariak, euskara ikasleak, Abestu Beti abesbatzako kideak —abesbatzak etapa berria hasi berria du Mayra Heisland zuzendari— eta baita EEko zuzendaritza berriko kideak ere; eta, lehen aldiz desfilatuz eskualdeko jendearentzat urteko egunik garrantzitsuenetako bat den honetan, joaldun talde bat.
Joaldunak, lehenengoz, Patagoniar subiranotasuna ospagai duen Martxoaren 7ko Desfilean. Ezkerretik eskuinera: Pablo Calabrese, koordinatzaile, Aberri Etxeko lehendakari berria den Raúl Goicoechea Saralegui; Alejo Zamora; eta Sebastián Basterra.
Lan arloen iragarpena eta EHko gazteen aurkezpena
Bestalde, Euskal Etxeko Batzorde berriak, lan arloak ezagutarazteko bilera bat deitu du datorren martxoaren 28rako. Bileran, Euskal Herritik etorrita EEra bildu diren hiru gazteak eta EEan bakoitzak egin dezakeen ekarpena aurkeztuko dira. Gogora dezagun, EuskalKultura.eus-ek aurreratu zuenez, hiru gazte hauek MU Mondragon Unibertsitateko hemengo unibertsitateetan praktikak egitera etorri diren ikasleak direla, Usue Odriozola Nava, donostiarra, Mikel Zubizarreta Aizpurua, legazpiarra, eta Aia Irastorza Adin, hendaiarra, eta Euskal Etxeko bizitza instituzionalarekin bat egingo dutela hemen dauden bitartean, bertakoak pozarren.
Mikel Zubizarreta Aizpurua, Aia Irastorza Adin eta Usue Odriozola Nava euskal ikasleak, Viedmako “Plaza de los Inmigrantes”en, atzean ikurriña daukatela ikus daitekeela eskualdean etorkinen presentzia duten herrialdeetako gainerako banderen artean.
Mondragon Unibertsitateko ikasleek, Comahueko Unibertsitate Nazionaleko Zonalde Atlantikoko Unibertsitate Zentroa (CURZA), eta Viedmako Irakaskuntza Prestakuntzako Institutuaren egoitza bisitatu dituzte dagoeneko, lagun zituztela Aberri Etxeko lehendakari Raul Goicoechea eta Kultura Arloko Ruben Suarez. Bertan, Psikopedagogia Saileko zuzendari Verónica Cuevasek eta Ikastetxeko zuzendari Rubén Quirogak egin zieten harrera hurrenez hurren.