Uruguaiko Carmelo hiriaren Bigarren Mendeurreneko ospakizun programaren baitan, bertako Ibai Ondoko Etxeak bere urtebetetzea ere, 21.a, ospatuko du. Igandean , apirilaren 17an beteko ditu 21 urtea euskal elkarteak eta bi ekitaldi nagusi antolatu ditu komunitateari begira: ‘Gure Arropa’ antigoaleko euskal jantzien erakusketa, Magdalena Mignaburu ikertzailearen eskutik, eta hitzaldi bat, 'Euskal Pilota' izenpean, FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioko lehendakari Enrique Poittevin-ek emanik.
Carmelo, Uruguai. 21 urte beteko ditu datorren igande honetan Ibai Ondoko Euskal Etxeak eta ospatu ere ospatuko ditu, antolatu dituen 'euskal' ekitaldiak Carmelok bere Bigarren Mendeurrena ospatzeko antolatu duen programara bildurik, erabat zabalik komuinitateari..
Egitaraua larunbatean, apirilaren 16an, hasiko da antigoaleko 28 euskal jantzi tradizional biltzen dituen ‘Gure Arropa’ erakusketaren inaugurazioarekin. Estreinaldia arratsaldeko 7etan egingo da eta materialaren biltzailea den Magdalena Mignaburu ikertzaile argentinarrak berak izango du erakusketa aurkezteko ardura. Erakusketa Ministerioaren Interesekotzat jo dute eta apirilaren 18ra arte egongo da ikusgai Euskal Etxearen egoitzan, 25 de Mayo kaleko 427. zenbakian.
Igandeko ekintza, berriz, kirolzale eta pilotazaleei dago zuzenduta bereziki. Enrique Poittevin Gilmet FIVUko lehendakariak ‘Euskal Pilota’ izenburuko hitzaldia eskainiko du eta Ibai Ondoko Etxea-ko kideekin batera omenaldia egingo die Carmeloko Banchero eta Debenedetti pilotari izandakoei. Hitzordua, igandean, iluntzeko 7etan, Euskal Etxean.
Azpimarragarria da bi proposamen hauek eta baita Euskal Baserrien argazkiak biltzen dituen erakusketa, Carmelo hiriaren Bigarren Mendeurreneko ekintza programak ere baitaratu dituela. Gogora dezagun, azkenik, azkeneko hauteskundeen ostean, honako kideak direla partaide Ibai Ondoko Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordean:
- Mirta Isoco, lehendakaria
- Miguel Asqueta, lehendakariordea
- Rosa Echeverria, idazkaria
- Mariella Arbeleche, idazkariordea
- Ernesto Cis Leiza, diruzaina
- Luis Alzueta, diruzainordea
- Fernando Bermudez Iturburua, batzordekidea