Joseba Etxarri. 1940ko hamarkadan Idahora emigratu zuen euskal artzain baten seme, Carmelo Urza Renoko 'nukleo gogorreko' parte da duela berrogei bat urtedanik, bilgune horretan CBS Euskal Ikasketa Zentroa, Euskal Liburutegia eta USAC bera direla partaide. 1973an iritsi zen bera Boisetik Renora eta 1974an Euskal Herrira bidaiatu zuen, Pat Bieter buru Oñatira heldu zen jatorri euskalduneko lehenengo ikasle amerikar multzoarekin, geroago University Studies Abroad Consortium (USAC) izan denaren hazia edo aurrekaria ipiniz.
Zenbat ikaste dauzkazue gaur egun munduan zehar barreiatuta?
-Urtero 4.000tik zertxobait gora dira gurekin ikasten duten ikasleak, munduan zehar 26 herrialdetan ditugun 44 zentroetan.
Aurkez iezaguzu USAC.
-Unibertsitate partzuergo bat da, bere ikasleei euren ikasketetako zati bat atzerrian egiteko aukera ematen diena, ikasketok ikasten ari diren karreren barnean baliokidetuz. Bi zentrorekin hasi zen, Boise State Unibertsitatea eta Nevada-Renoko Unibertsitatea eta gaur egun Estatu Batuetako 33 unibertsitate dauzka partaide, hitzarmenek mundu osoko beste 48 unibertsitate ere biltzen dituztela. Gure ikasleak estatubatuarrak dira gehienbat, baina badauzkagu baita ere munduko beste herrialde batzuetakoak, hitzarmenak dauzkagun unibertsitateetakoak, truke-ikasleak-eta. Geure alorrean, Estatu Batuetako bost erakunde handienetakoak gara.
Euskal Herriari eta euskal diasporari lotutako erakundea zarete.
-Gure sorrera, hala da, Euskal Herrian programa egonkor bat izateko helburuari lotuta dago. 1983ko irailean Donostiara heldu zen 22 edo 23ko ikasle talde batekin hasi ginen. Urte hauetan guztietan, kalkulatzen dut 8.000 bat ikasle bidali ditugula Euskal Herrira; urtero 300 edo 400 artean. Hasieran gehienak euskal jatorrikoak ziren eta egun --bistan da xifra hauetan-- euretako gutxi batzuk bakarrik dira euskaldunak. Baina kasuistika interesgarria ematen da. Esaterako, gogora datorkit izan genuen ikasle japoniar bat, Donostian urtebete eman zuena eta euskara-maila izugarri ona lortu zuena, geroago euskararekin jarraitu duena.
Zein da zuen ikasle soslaia?
-Bataz beste 21 urte dauzka eta karrerako hirugarren edo laugarren urtean dago. %66 edo 67an neskak dira, eta hau gure arloko programetan egonkor errepikatzen den xifra da. Karrera aldetik, aniztasun handia dago: enpresa-ikasketak, psikologia, hizkuntzak... Euskal Herrian Bilbon eta Donostian ditugu egoitzak, Euskal Herriko Unibertsitatearen kanpusetan eta primerako harreman sendoak dauzkagu unibertsitate publikoarekin. Ikasleek hainbat ikasgai jorratzen dituzte, hizkuntzetatik --euskara ala gaztelania izan-- artea, soziologia edo antropologiaraino, tartean historia, enpresa zientziak eta beste hainbat. Gehienek sei-hilabeteko oso bat egiten dute; %15ek bi, urte osoa, alegia; eta gainerakoek udako ikastaroetan hartzen dute parte, bospasei aste.
Bilbo edo Donostia hautatzen dutenean, hura Euskal Herria dela badakite, edo 'Espainiara' doazela uste dute.
-Beste bi programa dauzkagu Iberiar Penintsulan, Madril eta Alacanten, eta Euskal Herria hautatzen duen ikasleak hala nahi duelako egiten du. Ahoz-ahoko sistemak oso ondo funtzionatzen du gurean eta gure ikasleetako askok erreferentzia zuzena daukate, dagoeneko programako partaide izan diren lagun, familiarteko edo euren inguruko beste pertsona batzuengandik, Gure esku-informazio, katalogo eta webguneak, bestalde, argi adierazten dituzte leku bakoitzaren ezaugarriak.
USACek eta zeuk bereziki, harreman berezia daukazue Donostiarekin...
-Seguruenik hiriak 1995ean Urrezko Danborra eman zidalako diozu. Nik oso esker onez jaso nuen, eta jasotzerakoan USACi eman zitzaiola ulertu nuen eta niri, programako arduradun nagusi naizen heinean. Egia da talde aparta daukagula bertan, urte askotan Felix Menchacatorre buru izan zuena. Harro gaude eurekin, baita ere guztiok egiten dugun lanaz eta etxetik kanpo beste herrialde batean bizitzeko eskarmentuak geure ikasleei egiten dien ekarpen aberatsaz. Askotan USACeko elastiko batekin zoaz Renotik eta jendea hurbiltzen zaizu esanez 'nik zuekin ikasi nuen' edo 'ze esperientzia ahaztezin eta polita igaro nuen zuekin', eta Euskal Herrian pasatu zuten esperientzia hura kontatzen dizute. USAC asko hazi da eta munduko hainbat herrialdetara iristen da egun, baina gure erroak eta gure iturburua, izateko arrazoia, Euskal Herrian daude zalantzarik gabe. Asko zor diegu eta eskertuta gaude oso Euskal Herriari, bere jendeari eta bertako unibertsitateari.
Ez nuen solasaldi hau bukatu nahi aipatu gabe joan den abuztuan New York Times egunkariak oso kritika garrantzitsua egin ziola idazle euskalamerikar bati...
-Bai (irribarre egiten du). Gabriel Urzaren lehenengo eleberriaz ari zara... eta gertatzen da Gabriel nire semea dela. Liburuak 'All that followed' du izena eta Euskal Herrian girotuta dago. Gabriel abokatua da eta lege-karrera aparkatu eta apustua egin zuen bere literatur bokazioaren mesedetan, eta orain badirudi pario hura fruituak ematen hasi dela. Eleberriak harrera ezinhobea izan du. Gogora datorkit bera ere egon zela urtebetez Euskal Herrian USACekin. Agian horrek ere izango zuen eragina nobelaren gaia eta lekua aukeratzerakoan. Gogor saiatu da eta bere familia eta ezagutzen dugun guztiok oso pozik gaude errekonozimendua iristen hasi zaiolako.