euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carmelo Ortiz de Elgea margolariaren Oesteko paisaiak ikusgai daude Renoko Nevada Art Museum-en

2013/09/30

Carmelo Ortiz de Elgearen margolan bat: Untitled, 2012
Carmelo Ortiz de Elgearen margolan bat: Untitled, 2012

PUBLIZITATEA

Asteburu honetan inauguratu da Renoko Nevada Museum of Art delakoan Carmelo Ortiz de Elgea margolari arabarraren erakusketa, eta urtarrila arte izango da bertan ikusgai. Ortiz de Elgea euskal margolari ezagugunenetarikoa da eta 1966an Orain izeneko talde berriztatzailearen sustatzaile izan zen. 2011n Nevada eta Kalifornian barrena bidaia egin zuen, Bill Douglass antropologo eta euskaltzale amerikarrak gonbidatuta. AEBetako paisaiek liluratu egin zuten eta bidaia horretan ikusitakoa Nevadan aurkeztu den erakusketako margolanetan bildu zuen.

Reno, AEB. Iragan larunbatetik eta datorren urtarrilaren 5a arte ikusgai izango da Renoko Nevada Museum of Art museoan Carmelo Ortiz de Elgea euskal margolariaren erakusketa. Artista arabarra gaur egungo euskal margolari ezagunenetarikoa da. 1966 urtean beste margolari batzuekin batera Orain talde berritzailea sortu zuen, "artea eta esperimentazioa gizartean aldaketa eragiteko tresna bezala erabili nahi zuen taldea", museoaren webguneak agertu duenez.

Erakusketa Ortiz de Elgeak AEBetan egiten duen aurrenekoa da. Bertan bildu diren margolanetan AEBetako paisaiak dira protagonista. 2011n Ortiz de Elgeak Nevada eta Kalifornia iparraldean barrena bidaia egin zuen, William Douglass antropologoak gonbidatuta (Nevadako Center for Basque Studies  euskal ikasketa gunearen sortzaile da Douglass). Harekin batera, margolariak Lake Tahoe, Mount Rose, Virginia City, Smoke Creek eta Kalifornia, Colorado, Oregon, New Mexico eta Utah ezagutu zituen.

“Ezin nuen orduan pentsatu espazio ireki izugarri haiek eta gizakiak ikutu gabeko naturak halako marka utziko zidatenik", agertu du Ortiz de Elgeak bidaia hari buruz. "Paisaiaren handitasunean murgildu nintzen, nire margo eta mihisekin behin eta berriz haiek bisitatuz eta etenik gabe margotuz".

Informazio gehiago museoaren webgunean: Nevada Museum of Art.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia