euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carlos Noain eta Naia Mandaluniz: New York hiria musikarekin bonbardatzen Naica proiektuarekin

2010/09/16

Naia Mandaluniz eta Carlos Noain (argazkia Naica)
Naia Mandaluniz eta Carlos Noain (argazkia Naica)

PUBLIZITATEA

Carlos Noain Hondarribikoa da, eta Naia Mandaluniz, berriz, Gernikakoa. Musikariak biak, euren ikasketen ibilbide luzean elkar ezagutu eta gaur egun senar-emazte dira. New Yorken bizi da bikotea eta bertan sortu dute Naica izeneko proiektua. Indie, pop eta elektronika jorratzen ditu taldeak -'Orfidal musika deitzea gustatzen zaigu', dio Naiak- eta jo eta su dabiltza emanaldiak eskaintzen 'hiri honetako eskaintza aktibo bat izan nahi dugulako'. Garikoitz Udabe kazetariak jarraian jasotzen dugun elkarrizketa egin die Berria egunkarian.

Garikoitz Udabe/New York, AEB. Carlos Noain Hondarribikoa da, eta Naia Mandaluniz, berriz, Gernikakoa. Norberak bere herrian hasitako ikasketak Musikenen egindakoekin osatu zituen, eta orduz geroztik, askok dioten moduan, sekula amaitzen ez den musika ikasketekin jarraitzen dute.

Rotterdam eta New York izan ditu etapa horietan geldiune, besteak beste, 27 urteko Noainek, eta Bartzelona, Utrecht eta New York 28 urteko Mandalunizek. Ez dira bakarrik ibili. Musikari guztien antzera lagun fidela beti alboan hartuta egin baitituzte bidaia horiek guztiak: klarinetea, Noainen kasuan, eta zehar flauta, Mandalunizenean.

Biak musikari lotu dira, eta musikak biak lotu ditu. Gaur egun senar-emazte baitira.

Duela bi urtez geroztik bizi da Carlos Noain New Yorken, eta urtebete geroago etorri zen Naia Mandaluniz. Brooklyn dute bizitoki, eta musika irakatsi eta jotzetik ateratzen dute bizimodua aurrera.

Hain zuzen ere, ederki egiten dakitena «erakusteko gogoagatik eta musika eskaintzeko desioagatik» sortu zuten duela bederatzi hilabete Naica izeneko proiektua. Izenak berak dioen moduan, Naia eta Carlos dira proiektu horretako zutabe nagusiak, arimak, baina «beste zenbait musikarik parte hartzeko antolaketa malgua du proiektuak», Mandalunizen hitzetan. 

Entzulearen arreta eskatzen duen musika

«Urteetan izan dugun esperientzia kontuan hartu eta, besteak beste, indie, pop eta elektronika estiloek lekua duten proiektu gisara sortu zen Naica», gogoratzen du Noainek. Musika lasaia egiten dute, tempo erlaxatuetan oinarritua. «Orfidal musika deitzea gustatzen zaigu», dio Mandalunizek irribarre txiki batekin, «oro har ez dugulako musika denbora-pasa gisa ulertzen, baizik eta entzulearen arreta eskatzen duen zerbait sakona gisa».

Bi musikari euskaldunen prestakuntza klasikoa nabarmen geratzen da haien eskaintzan. «Mozart eta Bach-en zale amorratuak gara, eta klarinetea eta flauta dira gehien ezagutzen ditugun instrumentuak».

Hala ere, zuzenekoan musika tresnen familia handitu egiten dute: gitarra, pianoa, glockenspiel... «Asko gustatzen zaigu musika instrumentu batetik bestera pasatzeko dinamika hori, oso dibertigarria da guretzat», dio Noainek. Horregatik horiek denak jo ditzakete emanaldi bakarrean.

«Kantatu ere egiten dugu», zehaztu du Mandalunizek, «lau kantutan, hain zuzen ere».

Noain musika elektronikoaren alde esperimentalaren zalea da, eta, horregatik, «Max-MSP softwareak erabiltzen ditut sintetizadoreak eta erritmoak sortzeko».

Hain zuzen ere, musika tresna, software eta ahotsen familia oso bat bezala ulertu beharra dago proiektu hori. Elkarren arteko jolasaren ondorio da Naica. 

Diskoa kaleratzear

«Hiri zoragarri honetako eskaintza aktibo bat izan nahi dugu», dio Mandalunizek. Galerietan, metroan, kalean edo lagun baten etxean jotzea esan nahi du horrek, «hiria gure musikarekin bonbardatzea», alegia. Eta horretan dabiltza.

New Yorkeko Sohoan egin zuten lagun artean Naicaren aurkezpena. Geroztik Cervantes Institutuan ere jo dute, eta egindakoarekin eta jasotako erantzunarekin oso gustura dago bikotea: «Orain diskoa kaleratu behar dugu. Ia bukatuta dago, eta hori zabaltzen jarriko ditugu indarrak».

Itsasoaren bestaldean, etxean alegia, zer egiten duten erakustea asko gustatuko litzaieke. Gainera, ingelesez, gazteleraz eta euskaraz abesten dute, eta, besteak beste, Anari eta Lisaborekin jotzea «zoragarria» izango litzateke bikotearentzako. 

Naica, ordea, ez da lantzen ari diren proiektu bakarra: Cedric Needs Us taldeko kideak ere badira. «Sei laguneko taldea gara, eta Naicaren alter ego-a bezala uler dezakegu». Klarineteak, flautak, pianoak, baxuak, bateriak, gitarrak eta ahotsak osatzen dute familia txiki hau. «Musika mugituagoa da, baina erritmo baseek garrantzi handia dute», dio Noainek. Une honetan talde horrekin kontzertu asko egiten ari dira New Yorken.

Etorkizunari begira, ahalik eta gehien jotzen jarraitu nahi dutela diote. Urte amaierarako Naicaren diskoa grabatzen bukatu eta beraien doinuak lau haizetara zabaltzen jarraitzea dute asmoa. New Yorken eta Euskal Herrian, Rotterdamen eta Berlinen, entzule askoren eta gutxiren aurrean, formatu txikian eta handian, baina beti egiten dutenaz gozatuz, sentituz eta sentiaraziz.

(2010-09-12an Berrian argitara emandako artikulua)

-Beraien musika ezagutzeko, jo Naicaren webgune honetara.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia