Joseba Etxarri. Gaurkoan solaskide dugun Carlos Alberto Gabilondo Diasporako euskaldun soslaia horietako bat da, bere euskaltasuna, paperei eta sorlekuari batere erreparatu gabe bihotzean eraman eta egunerotasunean, ohiko jardunetan gauzatzen, islatzen eta sentitzen duen horietakoa, Argentinan hautatu duen bizimoduan euskaldun eta euskaltzale sentitzen baita, aktibo eta emaile, partaide eta sustatzaile, pozik eskaintzeko gai delako bera parte sentitzen den kultura eta komunitateari. Carlos Gabilondo erretreta edo erretiroa hartutako historia irakaslea da... ez, ordea, eskola-emaile erretiratua, egun ere gustura segitzen baitu irakasten, beste molde batean baina. Argentinara 1860ko hamarkadan iritsi zen eibaitar baten ondorengo, bere familian gazterik hil zitzaizkion aurrekoak eta ez zuen izan aitxitxarik haren euskal kontu eta pasadizoak entzuteko, baina ongi gogoan dauka bere osaba Osvaldo, egiazki italiarra izanik, izeba Nélidarekin, 'La Vasca' deitzen zioten bere aitaren arrebarekin ezkondu, eta nola gazterik eramaten zuten La Platako Euzko Etxera pilota partidak ikustera, pilotazaleak baitziren. "Osabaren izena oroitzen dute oraindik garai bateko euskaldunek, pilotazalea izateaz gain, garai txarretan ere euskal etxearen sostengatzaile izan baitzen". "Sarritan joaten ziren Euskal Herrira, eta itzulitakoan aho zabalik entzuten genien hango berri", oroitzen du.
Carlos Gabilondo "Zinemaren gizona" gisa ezagutzen dute askok Argentinako euskal etxeetan. Azken lau urteotan, ehundik gora emanaldi eskaini izan ditu, bere emazte Normarekin batera, euskal filmak emanez, zuzendari, aktore edota gai euskaldunekoak, zahar eta berriak, labur eta luzemetraiak, Argentina osoko euskal etxeetan, Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxetik hasita, Buenos Airestik mila kilometro ipar-ekialdera, Patagoniako mendi artean dagoen San Martin de los Andes herriko Euskal Txokoa euskal etxe gazteraino, aurretik 2.500 kilometro pasexera. Eskatzen dioten euskal etxe guztietara heltzen da, pantaila eta proiektorea --hala behar denean-- eskuetan, filma, kableak eta pantailaratu behar duen filmari buruzko fitxa-papereak besapean, beti prest bere denbora, ezagutza eta ilusioa eskuzabal partekatzeko forum-etara joaten zaion publikoarekin; izan ere, filmak ematearekin --normalean, lehenik Kimuak-eko labur bat eta ondoren film luze bat-- suspertu eta bultzatzen duena, solasa da, hala nahi duenak bere iritzia eman eta ikusitakoa elkarrekin aztertu eta eztabaidatzea, ikuspuntu eta ikusmoldeak partituz, gaur egun gero eta gutxiago egiten den zerbait, alegia.
Noiztik zinemarekiko afizio hori?
-82tik, hemen oraindik diktadurapèan geundela. Zine-foruma sortu genuen Lanus-en, Israeldar Elkartean, Argentinako Zinematekak eta enbaxada batzuetatik, Italia, Frantzia eta Alemaniakoak-etatik-eta lortzen genituen tituluekin, askotan debekatutakoak ziren edo diktaduraren mozketatik pasatu aurretik eskuratzen zizkiguten. Don Salvatore Samaritanok laguntzen zigun, gure herrialdean zinemaren sustatzaile handia izandakoak. Baina gogoan daukadan lehenengo euskal filma Ama-Lur izan zen, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearena, indarra galdu ez duen filma eta gaur egun ere botatzea eskatzen didatena. Eta utzidazu esaten Montxo Ar mendarizen zale amorratua naizela. Izan ere, bukatzen ari gara berari buruzko ziklo bat La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askean.
Historia irakasle erretiratua zara.
-Horrek ahalbidetzen dit afizio handi ditudanak batera lantzea: irakaskuntza eta historia, zinema eta zine-klub jarduera, eta euskal kulturarekiko interesa. 2010etik aurrera eta 2011an Buenos Airesen Universidad Vasca de Verano (UVV) delakoan hartu nuen parte, Enrique Aramburu arduradun hemengo Euskal Echea Ikastetxean antolatuta eta haren barnean eratu ziren ikasgaien artean lekua egin zitzaion euskal zinemari. Gustura landu genuen, izan ere aurretik Juan Miguel Gutierrez bezalako aditu bat izana genuelako ikastaro bat ematen Argentinan, eta harek utzitako materiala baliatuz. Handik gutxira, Euskaltzaleak euskaltegian hasi nintzen euskara eskola batzuk hartzen eta eta zorionez Teresa de Zavaleta irakaslearekin egin nuen topo, ea harek animatu ninduen etxeko proposamen finkotzat antolatzeko. Lau urte geroago, 34 titulu daramatzagu emanak, soilik Euskaltzaleak-en. Sendotuta gaude eta lantzean behin Buenos Airestik pasatzen diren zinemagile eta profesionalak ere geureganatzeko aukera daukagu. Gogora datorkit, esaterako, Sukalde Kontuak filma eman genuenean Aizpea Goenaga gurekin eduki ahal izan genuela eta zein interesgarri eta aberasgarria izan zen berarekin jardun eta jendeak galdetu eta iritziak trukatzea; izan ere, konturatu orduko goizaldeko ordu batak eman zuten eta bertan segitzen genuen.
Beste hainbat gauza bezala Diasporan eta kultura munduan, hau guztia bolondres egiten duzu, edo Argentinan esaten duten bezala, ad honorem.
-Jakina. Euskal zinema eta kultura zabaltzea dugu helburu. Neuk plazer handia sentitzen dut honela itzul diezaiokedalako euskal kulturari eta geure gizataldeari eman didan guztia. Emateko gauza izatea eta partitzea gauza handia da. Gainera, eskaintzen ditugun titulu gehienak daukate hemen ibilbide komertzialik eta geuk ez ematekotan ez lituzke inork emango. Pena da, euskal zinema emaitza gero eta interesgarriagoak ematen ari baita. Egunotan ere, neuk jarraitzen dut Zinemaldia, baina hemengo medioek ezer gutxi ematen dute. Bide luzea daukagu hor ibiltzeko eta guztiok lagun dezakegu horretan. Niretzat, esaterako, satisfazio handia da azken lau urteotan Buenos Airesen, Argentinako Kongreso Nazionaleko Liburutegian antolatu ditugun euskal kultura jardunaldiak, eta horien barnean zinemak izan duen partea, ikusleak gehienbat ez-euskaldunak izanik. Euskal etxeetan zinema ematen hasi ginenean hamar pertsona ere ez zitzaizkigun inguratzen, eta orain berrogeita hamarreko bataz bestekoa daukagu, batzuetan hirurogei eta laurogei pertsona bilduta. Ibilbide polita ibili dugu eta jende askori, euskal etxeei, erakunde eta lagun askori.