Carlos Casares, Argentina. Urteroko elkarretaratze ia orotan bezala, pandemiak eragindako bi edizio zapuzturen ondotik, datorren larunbatean berriro dator Carlos Casaresera bertako Gizataldeen Jaialdia, kasu honetan hiriko Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberaren 90. urteurrenak markatutako edizio batean. Izan ere Merkataritza Ganbera hitzordu honetako antolatzailekide dute Italiar Sozietateak, Espainiakoak, Israelgo Elkarteak, Dante Alighieri-k, Euskalduna Euskal Etxeak eta 'El Bagual' Zentro Tradizionalistak.
Deialdia, larunbat arratsaldeko 7etatik aurrera garatuko da Merkataritza Ganbera bera jabe duen herriko 'El Óvalo' ekitaldi-areto zabalean eta, beraz, aterpean, sasoi honetan ezin baita batere segurtatu eguraldia, beti ere eraikinaren kanpoaldeko berdeguneak lagundu badezake ere.
Sarrera libre eta doakoa izango da eta ohiko janari salmenta lekuak ezarriko ditu kolektibitate bakoitzak, bakoitza ezaugarri dituen edo aurreko edizioetan jendeak gehien apreziatu dituen plater eta edariak prestatu eta eskaintzen, eta bere kulturarekin lotutako objektuak saldu edota argibideak ematen. Programako parte izango dira baita ere dantza eta musika taldeak eta artistak, gizataldeei lotuak edo lokalak, Carlos Casares edo eskualdekoak.
"Helburua ongi pasatzea, elkar ezagutu eta elkarrekin aritzea eta partaide izatea da, historian gure herria osatu duten gizataldeen batasunetik", adierazi dute antolatzaileek, bereziki azpimarratuz elkarretaratzeak iturburu eta akuilu duen lankidetza eta etengabeko laguntza eta elkartasun osagai nabaria.