euskal diaspora eta kultura
2011/01/18
PUBLIZITATEA
Josemi Arrugaeta/Habana, Kuba. Carlos Astigarrabia Bilbon jaio zen 1934an, Juan Astigarrabia eta Josefa Zabalegiren seme. Jaio orduko Guardia Zibilarekin egin zuen topo. Bere erditzea Asturiaseko Iraultzaren egunetan izan zen eta bere aita, Euskadiko Alderdi Komunistako kidea, ihes eginda zebilen. Bera hatzeman nahian, Guardia Zibilak familia bizi zen etxea okupatu eta jaiotzaren unea iritsita ere ez zuen bertatik aldegin nahi izan.
Carlos eta Rosa arreba “gerrako haurrak” izan ziren eta 1937tik 1939ra Sobiet Batasunean erbesteratuta bizi izan ziren. 1939an familiak Frantzian elkartzea lortu zuen eta erbesterako bide luzea hasi zuten. 1940an Marsellan Dominikar Errepublikara zihoan Comisario Rammel ontzia hartu eta Panaman gelditzea erabaki zuten. Ontzi hura bera, itzulera bidaian, naziek erasotu eta hondoratuko zuten.
Kubataz maiteminduta
1963an Carlos aitarekin etorri zen iraultza osteko Kubara, eta herrialde honetaz maitemindu egin zen. Bertan osatu zuen bere familia, bertan lan egin eta bertatik bizi izan zuen Euskal Herriaren gabezia, gurasoen oroitzapenarekin uztartzen zuen sentimendua.
Kubatar batekin ezkondu eta bi seme izan zituen, Juan Carlos eta Luis Ernesto. Ikasketak bukatu eta ingeniari bihurtu zen. Berriz ere ezkondu eta alaba bat izan zuen, Karina. Egun Karina eta Juan Carlos Miamin bizi dira eta Luis Ernesto Kuban.
Carlosek gurasoen oroitzapena ohoratzen zuen. Josefa Panaman hil zen 78 urterekin eta Juan Donostian, 88 urte zituela. Juan Astigarrabia 80 urterekin bueltatua zen Euskal Herrira, oraindik ere herriaren alde eta iraultzaren alde egiteko ekarpenik egitekotan. Euskadiko Alderdi Komunistaren idazkari nagusia izan zen II Errepublika garaian eta Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernuko sailburu 1936ko gerran.
Bilbo nazionalen esku gelditu zenean, 37ko udaran, alderdiak barne epaiketa egin zion Valentzian, Jesus Larrañagarekin batera, eta Alderdi Komunistatik bota egin zuten, Hirugarren Internazionalari ez obeditzeagatik eta euskal abertzaletasunaren aldekoa izateagatik. Agirrek eta Irujok babesa eman zioten gerra garaiko Bartzelona iskanbilatsuan. Panamako erbestearen ostean, 1962az geroztik Kubako iraultzan hartu zuen parte. 1980an Euskal Herrira itzuli zen, eta Donostiako Zorroagako Nagusi-Etxean hil zen, 1989an.
Laurac Baten
Habanako Playa auzoan, Bostgarren Abenidatik gertu, Carlos Astigarrabiak sendo eutsi zien euskal sustraiei. Gudaren erdian Bilbotik ebakuatu zuten umea gizon eginda bueltatu zen, 60 urte ondoren, Euskal Herrira, eta aberriko paisaiak eta bazterrak berrezagutu ahal izan zituen. Bere bihotz handi ahulduak lekua zeukan Euskal Herria eta Kubarentzat, irlan etxean bezala sentitu izan baitzen beti.
Habanan Colon kanposantuko Laurac Bat panteoian izan da hilobiratua Carlos Astigarrabia, Diasporako kide, berak bezala erbestearen eta emigrazioaren artean bizitza berri bat asmatu behar izan zuten ehundaka euskaldunen ondoan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus