euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carina Barajas, Utah-ko euskalduna: "Jende gogorrak hazi nau, bereziki izpiritu gogorreko emakumeek"

2016/05/06

Carina Barajas bere margolanetako bi atzean dituela
Carina Barajas bere margolanetako bi atzean dituela

PUBLIZITATEA

Carina Barajas du izena eta 23 ute dauzka. Kalifornian jaio bazen ere, Utah 'Mormoien Estatuan' hazia da. Marraztea, margotzea eta diseinatzea gustatzen zaizkio eta amaitu berriak ditu --joan den astean-- Arte Ederretako ikasketak. Euskal gogo handikoa, bereziki maite du bere amatxi, Marie, Ezterenzubitik Salt Lakera emigratua, eta bere inspirazio euskalduna.

Joseba Etxarri. Utah-n hazitakoa da Carina, bere aitama, anaia-arreba, osaba-izeba, lehengusu eta amatxik osatzen duten familiako partaide. Baina familia propio horrekin batera, Carinak beste familia zabalago bat badu baita ere alboan, horixe da-eta Utah-ko Euskal Etxea bere partaideetako gehienentzat. Utah Basque Club, Utah-ko Euskal Etxea, euskal etxe txikia da, egoitza fisikoa ere ez duena, bazkideen etxeetan biltzen baitira astero euren batzar eta entsaioak egiteko. Aurrekari izan zuten 1914an Salt Laketik pixkat iparraldera dagoen Ogden herrian sortutako estatuko lehenengo euskal etxea, baina egungo euskal elkartea 20. mendeko 70. hamarkadan abiatu zuen euskaldun talde batek. Famili giroa, kohesioa eta baloreak dauzka ezaugarri eta, bere azkeneko bi belaunaldietan bederen, barnean hazten zaizkion gazteak unibertsitari eta profesionalak dira, tartean sendagile eta kazetariak, kriminologoak, etxegileak edota diseinatzaile, artista edo pintoreak, Carina bezala.

Zure bizitza osoan izan zara Euskal Etxeko partaide. Utah-ko Triskalariak taldeko dantzari aktiboa izaten segitzen duzu.

-Oroimena dudanetik naiz dantzaria. Izan ere, nire bizitza osoa Euskal Etxeari lotua garatu da. Ez dut uste hori sekula galduko dudanik. Lana dela-eta edo beste edozein motibu tarteko kanpora banoa bizitzera, ikaragarri botako nuke faltan. Familia handi bat gara, biltzen gara, musean egiten dugu, urtebetetzeak ospatzen ditugu, momentu on eta txarrak partekatzen ditugu... Amaitu berriak ditut joan den astean Arte ikasketak Utah-ko Unibertsitatean eta hori jatetxe italiar batean lan egitearekin konpatibilizatu dut; tira, bada inoiz lan konturen bat tartean zela baizik ez dut hutsegin euskal etxeko hitzordu eta entsaioren batera. Eurak ongi dakite nirekin konta dezaketela eta gauza bera gertatzen zait niri Euskal Etxearekin. Abenduan, galeria batean egiten nuen nire lehenengo erakusketa estreinatu nuen eta euskal etxeko kide andana bat etorri zen niretzat hain une garrantzitsua zen momentu horretan sostengatzera.

Semea edo alaba artista ateratzea ez da guraso guztiek gogoko duten zerbait.

-Gure familia eta ingurua oso irekia izan da beti kulturalki. Etxean beti irakatsi izan digute harro egoten eta esaten nor garen edo nondik gatozen, eta borrokatzen eta sakrifikatzen helburuak lortzearren. Oso jende gogorrak hazi nau, bereziki izpiritu gogor eta sendoko emakumeek eta hori oso eragin garrantzitsua izan da nire garapen eta hazkundean. Zorretan nago familia eta lagunekin, beti hor baitaude nire erabakiak sostengatzen. Gauza bera Euskal Etxearekin, animatu izan bainaute eman ditudan urrats guztietan, baita hainbat aldiz idatzita ere klubeko buletinean.

Aita, Antonio, mexikarra daukazu eta ama, Catherine, Utah-n jaioa aita amerikarra eta ama euskalduna. Zure jatorri euskalduna gailendu da, nonbait.

-Hori izan da inguratu nauen giroa. Utah-n bizi izanda, ez dut tratu bereziirk izan kultura mexikarrarekin eta gure etxean euskal kultura eta moduak izan dira nagusi. Aita ere horietara bildu da. Aitaren familia Kalifornian eta Mexikon bizi da gehienbat, horrek zerikusia izango zuen. Bideratu nahiko nukeen gauza bat da eta zertxobait gehiago ikasi mexikar kultura eta hizkuntzaz.

Artea eta Pintura ikasi dituzu eta abenduan zeure lehenengo bakarkako erakusketa zabaldu zenuen galeria batean. Nola aurkeztuko zenuke zure obra?

-Arte Ederrak ikasi ditut, arreta berezia ipiniz Pintura eta Marrazkian eta minor bat eginez Arte eta Teknologian, teknika eta diseinu digitalak erakartzen bainaute. Diseinatu izan ditut elastiko eta logoak, esaterako NABOren Udalekurako eta beste lan batzuk egin ditut Euskal Etxearentzat. Nire margolanez, esango nuke errealaren eta abstraktuaren arteko zerbait direla. Figuratiboa lantzen dut, giza figura, testurak, ez zait perfekzioa gehiegi interesatzen; koloreak urratu eta sentipen eta emozioekin jokatzea gustatzen zait.

Karrera bukatu berria, zeintzuk dira orain zure plan profesionalak?

-Atseden txiki bat hartuko dut eta portfolio bat, obren karpeta bat, osatzen joango naiz. Klaseetan landu ditugu, esaterako, material grafikoa eta photoshop eta ikusi dugu noraino izan daitezkeen lagungarriak sormen prozesuan: aurrera egin nahi dut. Orokorrean nire kasa nahi dut lan egin eta esperimentatu. Bi urteren buruan Unibertsitatera itzultzeko asmoa daukat, master bat egitera, eta lan egiteko estudio propioa lortu nahi nuke.

Hemendik gutxira beste zeregin batzuk ere badauzkazu zain...

-Bai (irria). Batetik, gure dantza taldea, Utah-ko Triskalariak, partaide izango da uztailean Washingtongo Smithsonian Institutua Basque, Innovation by Culture (Euskaldunak, berrikuntza kulturaren bidez) izenpean euskaldunei eskainia prestatzen ari den euskal jaialdi erraldoi eta jardunaldietan. Aukera berezia izango da. Estatu Batuetako beste euskal talde batzuk bezala ekimenak garatzen ari gara dirua lortzearren bertarako bidai-gastuak ordaintzeko. Baina, horrekin batera, aurten, gure Euskal Etxeak bere gain hartu du NABO Udalekua antolatzeko ardura, hau ere uztailean. Hor ere laguntzaile ibiltzea egokituko zait eta gaztetxoetako batzuk etxean eukiko ditut lotan. Hitza eman dut baita ere, Udalekuko programa barruan pintura saio batzuk eratu eta mural bat nola egin azaltzeko, gero parte hartzaileek berek egin dezaten 2016ko mural alegorikoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia