euskal diaspora eta kultura
2013/01/28
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Joan den larunbatean, urtarrilaren 26an, ospatu zuten venezuelar hiriburuko Eusko Etxeko bazkide eta lagunek Danborrada, hiru belaunaldiko neska-mutiko eta gizon-emakumeek joa, seguruenik ez Donostian bezala, oso bestelako eguraldiz hasteko, agian entsaio gutxiagoz, baina bai ilusio handiz eta, zalantzarik ez, lokarri bat ezarriz eta konexioa eginez euren gogoetatik Donostian eta Diasporako beste lekuetan astebete lehenago egindako danborrada eta ospakizunekin.
Larunbateko arratsaldeko seietarako egin zuen Eusko Etxeak deia. Lehenik, pintxo erako afari bati ekin zitzaion, mokaduen prestaketa lana Irantzu Azpiritxaga, Anton Arriaga, Clever Ramirez, Koldo Zugadi, Fran Pernia, María Teresa Ballatori eta Unai Azpiritxagak harturik, eta mahaiburuko gisa zerbitzatutako torten prestatzaile, berriz, Maite Arriaga izanik.
Sabelari behar bezalako arreta eskaini ondoren, danborreroak bederatziak aldera hasi ziren prestatzen, aurten gainera biboteak eta patilla beltzak margotuz Oyane Arregik eraginda, ez baita ahaztu behar Danborrada dela Donostian, Kaldereroekin batera, Inauterien iragarle nagusia, San Sebastian Martxak ere bere hitzetan ongi adierazten duen bezala.
Koldo Olalde danbolinderoak txistu eta danbolinez jotako musika lagun sartu ziren danborjotzaileak pilotalekuan eta bertan jo zituzten Sarriegi maisuaren pieza nagusiak, hogei bat minutuz, bertaratutakoen txalo eta animoen artean. Ondoren, festak jarraitu zuen, oso giro onean eta goizaldeko ordu txikietaraino. Zorionak partaide guztiei!
[Oharra: azken asteotan argitara eman ditugun artikukuetan Diasporako hainbat euskal etxe eta herrietan egun hauetan egin dituzten danborrada eta festak aipatu ditugu, San Sebastian eguna kari, nahiz eta jakin badakigun data hauetatik aparte ere egiten direla Cañuelas, Bahia Blanca eta beste zenbait euskal etxe eta lekuetan danborrada gogoangarriak Diasporan, kasu batzuetan baita danborrada tailerrak ere, eta partaidetzak Euskal Asteetan, horiek urtean zehar, gertatzen joan adina, islatu ohi ditugula]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus