Caracas, Venezuela. Azaroaren erdialdera hasi zen Caracasko Tenis Klub Elkarteen Txapelketa eta joan den asteburuan jokatu ziren finalak. Caracasko Eusko Etxeak sei talderekin hartu zuen parte, guztira 65 bat kirolari, honako kategoria hauetan: 5, 6, 6. emakumezkoena, 40 urtetik gorakoak eta 50 urtetik gorakoak. Txapeldunak 5. kategoriako mutilak izan ziren. Azken partidak Cantaro Sport Klubaren kontra izan ziren eta Eusko Etxeak emaitza hauekin irabazi zuen: 6-1, 6-0 eta 5-7, 6-4, 6-4.
“Txapelketan Caracasko 120 klub lehiatzen dira eta zelai ofizialetan jokatzen dugu”, jakinarazi digu Ibane Azpiritxaga Eusko Etxeko lehendakariak. “Txapelketako bigarren edizioa izan da bukatu berri duguna eta aurrekoan ere oso emaitza onak izan genituen. 5. kategoriakoak hirugarren postuan geratu ziren eta neskak finalaurrekoetara iritsi ziren”, azaltzen du.
Mutilen ospakizuna. Taldeko jokalariak: Iñigo Álava, Jon Mikel Álava, Iñaki Larrañaga, Sergio Nunes, Jorge Pérez, Camilo Riera Zubillaga, Iker Ruiz de Sabando, Adriano Sánchez, Rodrigo Santaromita, Andrés Torres, Jon Urresti eta Garikoitz Zenarutzabeitia
“Bidezkoa da esatea, dena den, aurtengoan irabazleak 5. kategoriako mutilak izan badira ere, guretzat guztiak direla txapeldunak, parte hartzeko gogotsu egindako ahaleginagatik”, azpimarratzen dute Eusko Etxekoek. “Eta ez bakarrik jokalariek; gurasoek ere lan ederra egiten dute belaunaldi berriek ohitura polit hauekin jarrai dezaten”.
Kirolak oso garrantzitsuak dira Eusko Etxean. Izan ere, Caracas hiriburuko El Paraiso auzoan dagoen euskal egoitzak bi frontoi, erabilera anitzeko kirol zelai bat eta bi igerileku ditu. Tenis Klub Elkarteen Txapelketa bezalako ekitaldietan, gainera, euskal kulturaren presentzia egoitzatik kanpo ere bermatzen du Venezuelako euskal gizataldeak. Zorionak, lagunok!
Eusko Etxea Instagram-en, centrovasco