Caracas, Venezuela. Duela egun batzuk argitaratu genuen legez, Venezuela bizitzen ari den zailtasun eta gabezia egoeraren aurrean Caracaseko Eusko Etxea ez dago geldirik eta urrats berritzaileak ari da ematen herrialde osoko euskaldunei euren oinarrizko beharretan laguntzeko. Izan ere, 'Esku bat' izena hartuko duen Fundazio bat sortzeko lanetan ari da 'Esku Bat’ izenpean, erakunde eta izaera berri honek arlo espezifikoetan aritzeko aukera hobea ematen baitio, une honetan premia diren osasuna, dokumentazioa eta aholkularitza arloetan.
Eusko Etxeko lehendakari Ibane Azpiritxagak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, hiru puntu horietan erabat babesgabe sentitzen da Venezuelako euskal komunitatea. Bere hitzetan, “Fundazioa bitartekaria izango da osasun elkarteen eta komunitatearen artean. Horrek erraztasunak emango dizkigu, esaterako, gure kideek beharrezkoa duten medikazio garestia lortzeko. Venezuela pairatzen ari den osasun gainbehera oso larria da eta gure jendea zaintzeko obligazioa daukagu, batez ere gure aitona-amonak”, azpimarratu digu.
“Dokumentazioari dagokionez”, jarraitzen du Azpiritxagak, “euskal venezuelar jendearen %95k Venezuelako zein Espainiako paperak dauzka eta hor ere zubilan bat egiteko aukera daukagu Espainiako Kontsulatu-Enbaxadaren eta gure komunitatearen artean. Caracasen bertan bizi ez den jendeak bidaia luzeak –batzuetan 10 ordukoak– egin behar izaten ditu izapideak egiteko, honek garraio gastuetan eta ostatu arloan dauzkan arazoekin. Fundazioaren helburua honetan ere bitartekari lana egitea da, izapideak ahalik eta denbora laburrenean eta modurik errazenean egin ahal izan daitezen”.
Lege aldetik ere, eta oro har, Fundazioak aholkularitza lan oso baliagarri bat egin dezakeela jotzen dute.
“Fundazioa bideratu eta antolatzeko lanetan ari gara oraindik, buru belarri, eta asmoa epe laburrean gauzatu eta plazaratzea da. Dena ondo baldin badoa abuztuan hasiko gara publikoarekin lan egiten”, iragarri du Caracasko Euskal Etxeko buruak.