Caracas, Venezuela. Venezuelako hiriburuko Eusko Etxea urrats sendoak ari da ematen bertako euskal komunitatea laguntzeko programak martxan jartzen. Horregatik eta poz handiz zabaldu nahi izan dute azken berria: 65 urtetik gorako –edo menpekotasun-egoeran dauden– lagunentzako Eguneko Zentroa bideratuta dago. “Zentroa astean bitan zabalduko dugu, Eusko Etxearen El Paraisoko egoitzan”, azaldu du euskal etxe caracastarreko lehendakari Ibane Azpiritxagak.
Zentroko onuradunek hiru otordu osasuntsu eta orekatu jasoko dituzte, ekintza desberdinak egingo dituzte mediku kalifikatuen ardurapean eta egoitzara iristeko garraioa izango dute. Eta nahiz eta proiektua oraindik onarpen aurreko ebaluazio prozesuan egon, interesatuek eman dezakete dagoeneko izena cvascoccs@gmail.com helbidean.
“Euskal Etxekook lan handia ari gara egiten proiektua burutu ahal izateko eta ez diogu abiatzeko oztoporik ikusten. Gure helduen alde egin dezakegun gutxienekoa da, erretiro ona bizi dezaten, ongi merezi dute eta”, baitetsi du Caracaseko Eusko Etxeko lehendakariak.