euskal diaspora eta kultura
2012/04/03
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Iragan martxoaren 31ean, Durangoko bonbardaketaren 75. urteurrenean hain zuzen ere, Caracasko Eusko Etxeak “1937. Euzkadi bajo las bombas” izeneko argazki erakusketa inauguratu zuen. Eusko Etxea-ko arduradunek azaldu dutenez, erakusketaren antolakuntzan Durangoko Udalaren eta Gernikako Bakearen Museoaren laguntza izan du elkarteak, argazkiak eta datu historikoak biltzeko, hain zuzen ere.
Erakusketak 1937. urtean gertatu ziren Durangoko eta Gernikako bonbardaketen inguruko 40 bat argazki historiko biltzen ditu. Argazkietan bi herri hauetan gertatu zen txikizioa ikus daiteke, besteak beste. Erakusketa Aberri Eguna arte izango da ikusgai Eusko Etxean.
Durango eta Gernika
Nazioartean oso ezaguna da Gernikako bonbardaketa, zalantzarik ez Picassoren maisulanaren oihartzuna dela eta, baina ezin ahaztu Durango izan zela bonba erasoa jasan zuen lehendabiziko gune zibila. Francoren aliatu ziren indar italiarrek burutu zuten bonbardaketa eta 300 hildako eragin zituzten 1937ko martxoaren 31an.
Ia hilabete beranduago, apirilaren 26ean, Gernika izan zen jomuga. Oraingoan nazien aire-armadako hegazkinek burutu zuten erasoa eta 126 lagun hil zituzten. Bonben eta suteen eraginez, Gernika txikituta gelditu zen eta eraikin gehienak erreta.
Lekukoak Caracasen
Inaugurazio ekitaldian, parte hartze oso berezia izan zuten bonbardaketa hauetan izan ziren bi emakumek: Maria Teresa Aguirre de Arriagak eta Itziar Rodriguez Seijok. Caracaseko euskal komunitateko kide dira eta euren lekukotasunak emozio eta zirrara berezia ekarri zizkion erakusketari. Maria Teresa Durangoko bonbardaketan izan zen eta Itziar Gernikan.
["1937. Euzkadi bajo las bombas" erakusketaren inaugurazio ekitaldian bildu ziren euskal-venezuelar batzuk (argazkia CaracasEE)]
Inaugurazioa ekitaldian Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela-eta Eusko Etxeak salgai jarri dituen katilu oroigarriak aurkeztu ziren. Eusko Etxean eskuratu daitezke.
[Eusko Etxeak Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela eta katilu oroigarriak jarri ditu salgai (argazkia CaracasEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus