euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracasko Eusko Etxea “Venezuelako euskal komunitatearen oinarrizko ongizatea bermatzeko planak” ari da gauzatzen

2020/03/06

Joan den larunbatean egindako bileran agintaldi berri baterako hautatu zuten Ibane Azpiritxaga Caracasko Eusko Etxeko lehendakari
Joan den larunbatean egindako bileran agintaldi berri baterako hautatu zuten Ibane Azpiritxaga Caracasko Eusko Etxeko lehendakari

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Otsailaren 29an egin zuen Venezuelako hiriburuko Eusko Etxeak bere Batzar Nagusia, besteak beste elkarteko Zuzendaritza berria hautatzeko. Lehendakaritzan, ordea, ez da aldaketarik egon, Ibane Azpiritxagak jarraituko baitu 2020-2021 epean. “Nirekin batera oso jende trebatuak eta bariatua arituko da, nire ustez egokia oso aurrera atera nahi ditugun proiektuei ekiteko”, adierazi dio Azpiritxagak EuskalKultura.eus-i.

Lehentasunak zeintzuk diren ere baieztatu digu lehendakariak: “Oso garai txarra da hau Venezuelarentzat eta, adibidez, jendearentzat osasun-asegurua izatea luxuzko zerbait bihurtu da gaur egun. Horregatik nahi diegu asegurua lortu, prezio eskuragarri batean, Eusko Etxeko bazkideei eta herrialde osoko euskal komunitateari. Eta lortzen ari gara, izan ere lortu baitugu dagoeneko oso poliza on bat, merkea eta estaldura zabalarekin”.

Proiektu horri lotuta Fundazio bat ere sortu nahi du Euskal Etxeak Venezuelako Euskal Komunitatearentzat, osasun gaiez arduratzeko hain zuzen. “Ikus daitekeenez, garrantzitsua bilakatu zaigu bazkideei oinarrizko zerbitzuak eskaintzea. Kultur ekintzekin ere jarraitzen dugu, jakina, baina pentsatzen dugu ez duela ezertarako balio Euskal Etxea irekita izatea, jendea etortzen ez bada oinarrizko premiak bermatuta ez dituelako”.

Bigarren agintaldia

Eusko Etxeko lagun bat baino gehiago harritu zen Ibane Azpiritxagak lehendakaritza, agintaldi berri baterako onartu zuela jakitean. Izan ere, bere karguan ez zuela jarraituko jakinarazi zuen iaz, urte amaieran. “Agintaldiaren azken hilabeteak oso gogorrak izan ziren, batzordekide batzuek utzi behar izan baitzituzten karguak eta lan guztiaren funtsa nire gain erori baitzen. Baldintza horietan ezinezkoa zen segitzea. Baina geroago oraingo talde hau osatzeko egokiera sortu eta oso proposamen egokia iruditu zitzaidan. Aurrera egingo dugula uste dut, lortuko dugula ditugun erronkak gainditzea”, adierazi digu euskal venezuelar gazteak.

Gogora dezagun honakoek osatzen dutela Caracaseko Eusko Etxeko Zuzendaritza berria:

-Lehendakari: Ibane Azpiritxaga
-Lehendakariorde: Aitor Asua
-Diruzain: Daniella Outes
-Idazkari: Lore Cabruja
-1. Batzordekide: Julen Azpiritxaga
-2. Batzordekide: María Isabel Ramírez
-3. Batzordekide: Katariñe Alava
-4. Batzordekide: Victor Ballatori



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia