Caracas, Venezuela. Asteazkenean elkartu birtualki elkartu dira Caracaseko Eusko Etxeko lehendakari Ibane Azpiritxaga eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, lan-bilera telematiko batean. Elkarretaratzean, besteak beste, venezuelar hiriburuko euskal etxea prestatzen ari den proposamenez eta martxotik hona garatzen ari den zenbait proiekturi buruz hitz egin zuten
Venezuelako gaur egungo egoeraz ere mintzatu ziren Azpiritxaga eta Alvarez, aurretik ere konplexua eta are larriagotua koronabirusa hain gogor sartu ondoren. Bileraren baitan Azpiritxaga lehendakariak iragarri zuen azaroaren 3an berriz ere ateak zabalduko dituela Eusko Etxeak.
Azpiritxaga berak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, Venezuelako konfinamenduaren arintzeak “7x7” tankera hartu du, esan nahi baita derrigorrezko konfinamenduko aste bat egitea eta tartekatzea deskonfinamendu mugatuko beste batekin. Beraz, fase berri honetan baldintza hauen azpian funtzionatuko du berriro elkarteak: gehienez %40a bete ahal izango du eta eraikineko eremu irekiak baino ez dira erabilgai egongo, hau da, txokoa, frontoiak, erabilera anitzeko zelaiak eta igerilekua.
“Gune hauek biosegurtasun-arauetara egokitzen ari gara. Bazkideak Eusko Etxera bueltatzea lehentasun ezarri dugu, zazpi hilabete hauetan egin ez dituzten eta beharrezkoa diren aktibitateak berriro egiten hasi ahal izateko”, esan digu venezuelarrak.
Abenduan, jarraitu du Azpiritxagak, egoera orduan nola dagoen ikusita, erabakiko dugu posible den ala ez bilkuraren bat egitea, 2020 urte kaotiko honetan joan zaizkigun lagunei omenaldi bat egiteko.
Oraingoz, gauza gutxi konfirma ditzakete Eusko Etxetik. Bai jakinarazi digute Elkartearen 70. urteurreneko jaia 2021erako utziko dutela, data hemen ere egoeraren garapenaren arabera baieztatzeke.