euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracasen, Eusko Etxeak urtero bezala ospatu zuen Aberri Eguna, El Paraisoko Txokoan eginiko deialdiaz

2010/04/08

Caracasko Eusko Etxearen aurrealdea joan den igandeko Aberri Eguneko ospakizunetan (argazkiak PJAA)
Caracasko Eusko Etxearen aurrealdea joan den igandeko Aberri Eguneko ospakizunetan (argazkiak PJAA)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, Berpizkunde Igandearekin bat eginez ospatun zen joan den igandean Aberri Eguna Caracasen, El Paraisoko Txokoan, hau sortuz geroztik gertatu legez, bertako euskal komunitate osoari luzatutako deiari jarraiki. 2010eko Aberri Egun caracastarra goizeko 11etan hasi zen, tradizioak agindu bezala Meza batez, El Paraisoko Etxeko Areto Nagusian, Migel Odriozola apez josulaguna emaile. Ofizioa edertzen, Egibar ibili zen organujole, eta ahotsetan, Euskal Etxeko gizon abesbatza, tartean Carlos Otaño, Xabier Azpiritxaga, Xabier Odriozola eta Koldo Ruiz de Agirre. Hasten polita eman zion egunean zehar barreiatu zen festa egun alaiari, beti ere "aurreko belaunaldiek lur venezuelarrean erein zuten euskal hazia eta Gernikako zainetan oinarritutako euskaltasuna" ospatuz, "Euskadiren hemengo segidari ahal dugun arte eutsiz, katea oraindik ez baita eten Venezuelako euskaldunen artean", adierazi dio buletin honi bertako euskaldun batek.

[2010-04-12; ALBISTE HAU CARACASKO ABERRI EGUNEKO ARGAZKI SORTA HAUTU BATEZ OSATUKO DUGU ASTE HONETAN ZEHAR, BARKATU ERAGOZPENAK]

Caracas, Venezuela. Meza bukatu ostean, Eusko Etxearen eraikin nagusiaren aurrean bi herrialdeen ereserkiak jo ziren, Koldo Olalderen txistuaren eskutik eta bertaratutakoen ahotsetan, Santamariak ikurriña igo zuelarik eta Julen Azpiritxagak Venezuelako bandera, "gure euskal etxearen gaztetasunaren eta eskarmentuaren ordezkari. Segidan, Iker Urcelayk Aurreskua eskainio zion gure Eusko Etxeari", adierazi dio EuskalKultura.com-i Pedro Javier Arriaga Aguirre euskal etxeko kide arduratsu eta lehendakari ohiak.

Ondoren erromeriari ekin zitzaion pilotalekuaren tabernan, "pintxo mota ugarirekin, egun Eusko Etxeko diruzain den Maria Teresa Ballatoriren eta beste bazkide batzuen eskuen trebeziari esker". "Paleta eta xistera partidak ikusteko aukera izan genuen; Joseba Etxebarrietak, gogor borrokatuz, gaina hartu ahal izan zion Amaury Rojas-i".

Katea ez da eten

Geroago, bazkaria zerbitzatu zen El Paraisoko Txokoko Areto Nagusian. "Indabak, Atuna tomatearekin, Zerri solomoa piparrekin eta, bukatzeko, natilak edo arrozesena, guztia Josune Zubizarretak, Amaya Arriagak, Unai Azpiritxagak eta Celver Ramirezek egina, eurak baitira geure etxeko sukaldea eskuarki gobernatzen dutenak".

Caracasko euskal komunitatetik bereziki eskatu zaigu Zuzendaritza Batzordekoen lana eskertu eta azpimarratzea, "gehienbat Itziar Rodriguez, Maria Teresa Ballatori, Carlos Otaño, Victor Ballatori eta Ekaitz Lasak egindakoa, eurek koordinatu eta ahalarazi baitute Caracasko Aberri Egun hau". "Azpimarratzekoa baita ere beste zenbaiten laguntza eraginkor eta desinteresatua, tartean Txomin Viscarret, Fran Pernia, Maria Teresa Arriaga, Maria Isabel Arriaga, Antonio Arriaga eta beste batzuena, guztion artean izan baita posible euskal jai maitakor eta esanguratsu honen edizio berri bat ospatzea Caracasen".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia