euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko Eusko Etxeko mendizale taldeak Paurario mendira txango ikusgarria egin zuen (argazkiak)

2012/10/05

Paurario mendia orain dela 80 urte sortu zen formazio geologico bitxi baten tontorrik garaiena da (argazkia CaracasEE)
Paurario mendia orain dela 80 urte sortu zen formazio geologico bitxi baten tontorrik garaiena da (argazkia CaracasEE)

PUBLIZITATEA

Ikusgarria, dagokion abentura eta arrisku puntu bizigarriarekin gainera, horrelakoa izan zen Caracaseko Eusko Etxeko mendi taldeak iragan irailaren 29an egin zuen txangoa. Bi mendi-gidarien laguntza izan zuten euskal-venezuelar mendizaleek igoeran. Jomuga, Paurario izeneko mendia zen: 1060 metroko altuera du, baina oso bertikala da. Igoeran bista zoragarriekin gozatu zuten mendizaleek, eta sustoren bat edo beste ere izan zuten, batez ere metalezko eskaileratan gora. Pedro Arriaga, elkarteko presidentea, bertan izan zen eta eguneko argazkiak eta kronika helarazi dizkigu, gure irakurleekin partekatzeko. Sarean argazki erreportai zabala argitaratu du.

Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeko mendi taldeak Paurario mendira igoera egin zuen iragan irailaren 29an. Guarico estatuko Aristides Rojas Natur Parkean dago mendi hau eta, hori dela eta, goizean goiz irten zen txangoa Caracasetik, eguna ondo probestu ahal izateko. Bidean geldialditxo bat egin zuten mendizaleek Atea deritzon gune historikoan. Venezuelako Independentzia gudan hiru bataila borrokatu ziren bertan (03/02/1814, 15/06/1814 eta 16/03/1818) eta hiruak venezuelar independentistek galdu zituzten.

Igoeran bi mendi-gidari profesionalen laguntza izan zuten Eusko Etxeko kideek: Eduardo Rojas “El Chino” eta Rainer Bostelmann izan ziren gidariak. Parkera heldu ostean, San Juango morro edo mendixketaraino bideari ekin zioten mendizaleek. Txangoa atsegina izan zen --berorik ez zuen egin, gainera-- eta Paurario mendiaren magalera heldu zirenean gidariek igoera era seguruan egiteko azalpenak eman zituzten.

Eusko Etxea Caracas Morro Paurario 2012 (2)

[Igoera aurretik, aholkuak ematen eta segurtasun neurriak azaltzen (argazkia CaracasEE)]

Eusko Etxea Caracas Morro Paurario 2012 (3)

[Tontorrerako bidean bista ikusgarriez gozatu zuten mendizaleek (argazkia CaracasEE)]

Eusko Etxea Caracas Morro Paurario 2012 (4)

[Eskilara hauek izan ziren igoerako une arriskutsuena, baina inor ez zen kikildu eta aurrera jarraitu zuten denek (argazkia CaracasEE)]

"Apurka apurka eta bidean ingurune ikusgarriaz gozatzeko geldiuneak eginez, igo genituen eskilarak -batzuk petral samarrak-- eta Paurarioko tontorrera heldu ginen (1060 metro)", azaldu dio EuskalKultura.com-i Pedro Javier Arriagak. 

Mendizaleek indarrak berreskuratzeko bazkaria egin zuten, parajearen edertasunaz gozatuz. Ausart batzuk igoerarekin nahikorik ez zuten izan, antza, eta tontorreko farora ere igo ziren. 1929an eraiki zen faroa, Maracayko bidean zihoazen hegazkinei laguntzeko.

Eusko Etxea Caracas Morro Paurario 2012 (5)

[Mendizaleak tontorrean, nekatuta baina harro (argazkia CaracasEE)]

Eusko Etxea Caracas Morro Paurario 2012 (6)

[Faroaren tontorreraino jarraitu zuten batzuk, hori da sasoia! (argazkia CaracasEE)]

Caracaseko Eusko Etxeak txangoaren argazki bilduma argitaratu du bere Facebook-eko taldean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia