euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko Eusko Etxeak tradizio berri bat inauguratu zuen Txikitero Eguna jaiaren lehen edizioarekin

2008/10/16

Txikitero Eguneko jaira bildu ziren euskal etxeko hainbat kide tabernan lanean (argazkia P.Arriaga)
Txikitero Eguneko jaira bildu ziren euskal etxeko hainbat kide tabernan lanean (argazkia P.Arriaga)

PUBLIZITATEA

Egia da tradizioa bat egiteko edozein ekitaldiren edizio dexente behar direla, baina Txikitero Eguna jaiaren estrainaldiarekin Caracaseko Eusko Etxeak lortu zuen erantzun ederra ikusita ia ziur esan daiteke datorren urtean ere egingo dutela. Caracaseko euskaldunek, Begoñako Amaren eguna, urriaren 11a, Bilbon egiten den bezala, txikiteroen tradizioarekin ospatzea erabaki zuten. Eusko Etxean antolatu zuten jaia, ardo eta pintxo onak dastatu eta lagunekin biltzeko aitzaki ezinhobea izan zen.

Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxeak joan den urriaren 11an ospatu zuen Txikitero Egunaren lehen edizioa eta proposamenak erantzun oso ona izan zuen bazkideen artean, ehun bat lagun bildu baitziren jaira. Antolatzaileen ideia Begoñako Amaren jaia ospatzea zen eta Bilbon egiten den legez txikiteroen tradizioaz ere gozatzea erabaki zuten. Jakina denez, txikiteoa ardo basoerdiekin egiten den poteoa da, beti tabernaz-taberna ibilbide berdina jarraituz.

Hitzordua lagunekin bildu eta edari eta janari onarekin gozatzeko aitzakia izan zen. Ardo beltza, txuria, sagardoa eta pintxo aukera zabala zerbitzatu zituzten tabernan lanean aritu ziren elkarteko bazkideek. 'Jendeak gehien eskatu zituen pintxoen artean aipagarria da Pilar de Guruceagaren kroketak izan zuten arrakasta. Pilarrek sukaldari ospeari eutsi zion eta beste behin ere laguntza handia izan zen Eusko Etxearen ekimenetan', azaldu dio EuskalKultura.com elkarteko zuzendaritzako kide Pedro Arriagak.

Guztira 30 bat pintxo errezeta desberdin zerbitzatu ziren. Sukaldarien artean Isabel de Urcelai, Yula Alvarez de Mendizabal, Xavier Mendizabal, Antonio Arriaga, Elizabeth Urcelai, Unai Azpiritxaga, Josune Zubizarreta, Franck Pernia, Maite Arriaga, Gotzon Lacasa, Irantzun Azpiritxaga, Iñaki Amenabar, Izaskun Etxearte, Gorka Abrizketa, Amaya Arriaga eta Vicente Corostola izan ziren. Jaiaren antolakuntzan Oyane Arregik, Maria del Rosario Arriagak, Clever Ramirezek eta Xavier Landak ere lagundu zuten.

Txikitero Eguna 2008
[Pintxo aukera zabala izan zen Caracaseko Eusko Etxearen Txikitero Egunean  (argazkia P.Arriaga)]

Jaia ordu txikiak arte luzatu zen eta eta nahiz eta pintxo onena zein zen erabakitzeko lehiaketarik ez zuten egin, Pedro Arriagaren esanetan denek izan zuten arrakasta handia eta azkar asko bukatu ziren. Zuzendaritza batzordearen izenean Arriagak jaiaren balioespen oso positiboa egin zuen eta antolatzaileak egindako lanarekin oso gustora gelditu zirela adierazi zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia