euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko Eusko Etxeak Aberri Eguna ospatu zuen eta bertako Jazoera buletinak bloga abiatu du sarean

2013/04/08

Eusko Etxea elkarteko Aberri Egunera 200 lagundik gora bildu ziren (argazkia CaracasEE)
Eusko Etxea elkarteko Aberri Egunera 200 lagundik gora bildu ziren (argazkia CaracasEE)

PUBLIZITATEA

Berrehun lagundik gora bildu ziren iragan martxoaren 31n Caracaseko Euskal Etxean Aberri Eguna ospatzeko. Festa hau Venezuelako euskal gizataldearen hitzordu nagusienetakoa da, eta horrela izan da urtero, 1939an gudako erbesteratuak heldu zirenez geroztik. Pedro Arriaga Aguirrek eguneko kronika eta argazkiak partekatu ditu EuskalKultura.com-eko irakurleekin. Halaber, Jazoera buletinaren blogaren sorreraren berri ere ematen du.

Caracas, Venezuela. Iragan martxoaren 31an Caracaseko euskal komunitateak Aberri Eguna ospatu zuen Eusko Etxean, urtero legez. Ohitura hau 1939ean gudako erbesteratuak heldu zirenean hasi zen, eta harrezkero urtero bete den hitzordua izan da.

Aurtengo festa goizeko hamaiketan hasi zen, Aita Galdosek eman zuen meza elizkizunarekin. Apaizak euskaldunen eta venezuelarren arteko harremanaren indarra aipatu zuen, Eusko Etxea-ko kronikari, sustatzaile, lehendakari eta animatzaile den Pedro Arriaga Aguirrek EuskalKultura.com-i agertu dionez.

Ondoren, oemaldia egin zitzaien ikurrinari eta Venezuelako banderari, Gudariaren monumentuaren aurrean.  Madariaga de Zubizarreta andrea eta Landa jauna izan ziren banderak altxatzeko ardura izan zutenak, Koldo Olalde txistulariak bi herrialdeen ereserkiak jotzen zituen bitartean. Jarraian, Ainara Olalde eta Iker Urcelai dantzariek ohorezko aurreskua dantzatu zuten.

Caracas Aberri Eguna 2013

[Iker Urcelai eta Ainara Olalde aurreskua dantzatzeko prestatzen (argazkia PJArriaga)]

Omenaldiaren ostean pilota erakustaldia egin zen frontoian. Zesta, pala eta eskuz jokatu zuten pilotariek eta ikusleek biziki gozatu zuten ikuskizunaz. Partidei jarraiki, festara bildu ziren lagunek bazkaria egin zuten. Lan bikaina egin zuten Teresa Ballatori eta Clever Ramirez sukaldariek, berrehun pertsonarentzako menu eder hau prestatzen: babarrunak, marmitakoa, tripakiak, oilaskoa porru eta berakatz saldan, arraina saltsa berdean, eta, amaitzeko, pastela, arrautza-esnea eta arroz-esnea.

Ekitaldiak honelako egun bereziak berezko dituen zeremoniazko eta seriostasuneko eta aldi berean bozkario eta alaitasun giro ezaugarriak bildu zituen, bertaratutakoek bat egiten arbasoek Venezuelara ekarritako eta hemen ereindako euskal haziarekin eta horren guztiaren isla eta konpromisoaren adierazgarri den Eusko Etxea beraren eta berau osatu eta biziarazten duten jendeen atxikimendu eta bat-egitearekin, euskal eta euskal-venezuelar historiarekin, orainarekin eta geroarekin.

Jazoera bloga

Bestalde, Caracaseko Eusko Etxearen jarduerek beste berri on bat utzi digute azken egunotan: Jazoera buletinaren blogaren sorrera. Buletina eta blog berri hau Pedro Arriagaren eginahal eta engaiamenduaren emaitza dira; izan ere, azken urteetan lan eskerga ari da egiten euskal etxearen jarduerak biziberritzeko eta zabaltzeko.

Iragan apirilaren 4ean abiatu zen Jazoera bloga, eta bertan Eusko Etxeko berriak, hitzorduak, artikuluak eta argazkiak partekatzen dira. Azken argitalpenen artean, esaterako, 1939an Cuba itsasontzian Venezuelara iritsi ziren euskal erbesteratuen zerrenda aurkituko dugu. Eusko Etxeak gonbitea luzatu die Venezuelako eta mundu osoko euskaldunei buletinean zein blogean parte hartzeko.

Izan ere, blogak bide zuzen eta erraza ematen du email soil bat bidaliz euren iruzkinak, argazkiren bat, berriak edo atxikimendu eso animo-hitz bidaltzeko besterik ez bada ere, partaidetza hori, hain garrantzitsua den partaidetza gauzatzeko. Emaitzak, gainera, berehala eta guztien aurrean bistan geratuko dira. Anima zaitez eta bidali zure email hori, zeure ekarpentxo hori eginez blog berriari!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia