euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko Euskal Etxeak Euskal Herriaren gomutaz eta zirraraz beteriko Aberri Eguneko jaia bizi zuen igandean

2008/03/25

Euskal Etxeko kideak elkartearen eskaileratan ikurrinaren goratze ekitaldia ikusten (argazkiak Pedro Javier Arriaga)
Euskal Etxeko kideak elkartearen eskaileratan ikurrinaren goratze ekitaldia ikusten (argazkiak Pedro Javier Arriaga)

PUBLIZITATEA

Venezuelako euskal komunitateak ez zion batere hutsik egin joan den igandean Caracaseko euskal etxearen jai nagusienetako bat den Aberri Egunaren urteroko hitzorduari. Elkarteko kide eta lagunak euskal etxera bildu ziren aberriaren gomutaz eta emozioz beteriko eguna bizitzeko. Eguneko ekitaldiak euskal mezarekin hasi ziren eta elkarteko frontoia berriz irekitzen zuen pilota partidaren ostean lagunarteko bazkaria egin zuten bertaratu zirenek.
Beste urte batez Caracaseko Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatu zuen Berpizkunde Igandearekin batera. Jai honek euskal elkartean tradizio handia du eta bazkide eta lagun asko bildu ohi dira bertara. Aurten ere asko izan ziren goizeko hamaiketan Paraisoko etxera gerturatu zirenak, aita Miguel Odriozolak eman zuen meza elizkizuna entzuteko.

Elizkizuna euskaraz egin zen ia osorik eta musikak ere bere tartea izan zuen, elkarteko gizonen korua eta Eguibar organojolearen laguntzarekin. Ohi bezala, elkarteko emakumeek aldarea loreekin atondu zuten, Maite Carranzaren gidaritzapean, elkarteko lehendakari Pedro Javier Arriagak azaltzen duenez.

[Goiko irudian aita Miguel Odriozola meza elizkizunean]

[Euskal Etxeko gizonezkoen korua eta Eguibar organojolea mezan]

Jarraian elkarteko kideak Gudariaren oroigarrian bildu ziren lore eskaintza egin eta ikurrina eta venezuelako banderaren goratzea egiteko. Koldo Olalde txistulariak musika jarri zion ekitaldiari, Venezuelaren eta Euskadiren hereserkiak joaz. Ikusleek 'Gora Euskadi' eta 'Viva Venezuela' oihuekin agurtu zituzten bi herrialdetako ikurrak.

Ondoren pilota partida jokatu zen elkartearen frontoian, kirol-instalazioa azken hilabeteetan egin dizkioten berrikuntzen ostean inauguratuz. Frontoia margotu eta atondu egin dute, 'elkarteko jai eta bileratan partida zirarragarrietaz gozatzeko aukera izaten
jarraitu dezagun', Arriagaren esanetan. [Goi ezkerreko irudian Koldo Olalde txistularia]

Kirol ikuskizunaren ostean elkarteko kide reta lagunak bazkarira bildu ziren. Menua honokoa izan zen: babarrunak, marmitakoa, oilaskoa saltsan eta Doris gozodendako tarta. Euskal etxeko zuzendaritzak Maria Teresa Ballatori, Gotzon Lacasa, Unai Azpiritxaga, Antonio Arriaga, Franck Pernia, Cléver Ramírez, Vicente Corostola eta Gaizka Urcelai sukaldariei euren lanarengatik eskerrik beroenak eman zizkien. [Eskuineko irudian ikurrinaren eta venezuelar banderaren goratzea]

[Goiko irudian Aberriko Eguneko jaira bildu zirenetako batzuk]

Azkenik, zuzendaritzak eskerron agertu nahi die baita ere jaiaren antolakuntzan lagundu zuten lagunei: Elizabeth Urcelay, Maria Isabel Arriaga, Josune Zubizarreta, Itxaro de Lacasa, Amaya Arriaga, Yula Álvarez, Olatz Bilbao, Gaizka Zubizarreta eta Txomin Vizcarret, besteak beste.


Lotura interesgarriak

Eusko Etxea, Caracas
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Aberri Eguna, Shanghaitik New Yorkera
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 20an

Aita Martin Larrainzar Goñi, Caracaseko EEKo kolaboratzaile
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia