euskal diaspora eta kultura
2011/05/19
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. 'Jazoera' albistariaren bigarren alea iritsi berria da irakurleen eskuetara, edo ordenagailuetan. Bere egile den Pedro Arriagak edukia partekatu nahi izan du EuskalKultura.com-ekin, elkartearen ekimenen berri urrunago helarazteko. Editorialean, buletinak Aberri Egunaren ospakizuna azpimarratzen du: "Euskal Herriarentzat egunik garrantzitsuena da, familiarekin, lagunekin eta ezagunekin biltzen garen eguna, Venezuelan dauden euskaldunak aberritik gertuago sentitzeko guregana etortzen diren eguna". Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren aurrean, biktimen aipamena ere egiten da, egun lazgarriaren 74. urteurrenaren karietara.
Horrez gain, Jazoerak euskal etxean hilabete honetan egingo diren ekitaldiak iragartzen dira. Datozenak aipatuko ditugu guk: larunbat honetan urteroko 'Amatxuei Omenaldia' egingo da, eta datorren larunbatean (maiatzak 28) Pintxo Lehiaketa izango da Eusko Etxean (informazio gehiago gure Agendan).
Euskal Venezuelar topaketa
Buletineko berri nagusienetako bat apirilaren 16ean Galdakaon egin zen euskal-venezuelarren topaketa da. Irantzu Leunda Biskarretek bidaltzen du kronika, parte hartzaileen argazki sorta mardularekin batera.
Bazkarian Maricarmen Gárate de Atxurrak (80 urte) jaso zuen partehartzaile nagusienari omenaldia. Ekitaldira bildu ziren familia eta norbanakoen artean honakoak, besteak beste: Cammarota-Etxearte, Bilbao-Atxurra, Lorenzo Arruabarrena, Iker Landa Doxandabaratz, Guti eta Marije, Endemaño-Escalada, Zubizarreta, Tejada, Urruzuno, Yarritu, Zenarutzabeitia, Maguregi-Ibarra, Marzana, Legarreta, Uzkanga-Meabe eta Leunda-Viscarret.
Aberri Eguna eta Kolonbiara bidaia
Beste berri nabarmendu bat Aberri Eguneko kronika da (EuskalKultura.com-ek artikulu honetan jaso zuen eguneko kontaketa). Horrez gain, buletinean Valencia eta Caracaseko euskal etxeetako zuzendariek Kolonbiara egin zuten bidaiaren berri ere ematen da. Bogotan Illargi Uzkanga (Valencia) eta Carlos Otaño (Caracas) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkariarekin, Guillermo Echeniquerekin, bildu ziren. Bilerak azaroaren 2tik 4ra Donostian egingo den Euskal Gizataldeen Biltzarra izan zuten hizpide.
Buletinak azaltzen duenez, "bidaia profitatuz Uzkangak eta Otañok bisita egin zuten Bogotako Euskal Etxera". Bertan elkarteko idazkariak hartu zituela dio Jazoerak eta venezuelarrek euskal etxeari Caracaseko elkartearen aldizkari sorta bat oparitu ziotela. Ordainetan Bogotako Euskal Etxeak 'Los Vascos en las Independencias Americanas' liburuaren bi ale oparitu zizkien.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus