euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko EEk pantaila erraldoia jarriko du eguastenean jokatuko den Euskadi-Venezuela futbol partida ikusteko

2007/06/14

Euskadiko selekzioaren aurreko partida bat
Euskadiko selekzioaren aurreko partida bat

PUBLIZITATEA

Ameriketan jokatu gabe 69 urte eman eta gero euskal selekzioak Atlantikoa zeharkartuko du datorren astean, Venezuelako selekzioaren aurka aritzeko. Partida datorren asteazkenean (ekainak 20) izango da eta San Cristobaleko Pueblo Nuevo estadioan jokatuko da. Venezuela Amerika Kopako egoitza da aurten eta euskaldunen aurka jokatuko duen partida txapelketa horren aurretik jokatuko duten azken froga izango da. Venezuelako euskal komunitatea interes handiz jarraitzen ari da euskaldunen bisitaren gaia eta Caracaseko Eusko Etxeak bertaratu ezin dutenek partida behar bezala ikusteko pantaila erraldoi bat jarriko duela iragarri du.
Hegoaldeko euskal taldeek liga bukatzeko azken partida falta da oraindik --Athletic eta Reala bigarren mailara jaisteko arriskuarekin gainera-- baina selekzioko arduradunak prestatzen ari dira jada datorren asteazkenean Venezuelaren aurka jokatuko duten partida. Liga bukatu eta Venezuela alderuntz aterako dira Miguel Echarrik eta Jose Angel Iribarrek zuzentzen duten taldeko jokalariak. Partida historikoa izango da, izan ere azken 69 urteetan euskal selekzioa Ameriketara doan lehendabiziko aldia baita honakoa. Azkeneko partida 1938an jokatu zuten euskaldunek Habanan (Kuban), guda zibilaren erdian munduan zehar egin zuten biraren barruan.

Datorren asteko partida San Cristobaleko Pueblo Nuevo zelaian jokatuko da eta Venezuelako telebistak zuzenean emango du. Euskal komunitateak interes handiz jarraituko du topaketa eta dagoeneko Caracaseko Eusko Etxeak partida ikusteko pantaila erraldoi bat jarriko duela iragarri du, zelaira joan ezin duten elkarteko kideek topaketaz gozatzeko bilgunea izan dezaten. Partida arratsaldeko 19:00tan hasiko da (Euskal Herrian goizaldeko 1:00etan). Elkarteko kide eta lagunentzat beste sorpresa bat ere prestatu du euskal etxeak: topaketaren biharamunean, datorren asteko ostegunean, euskal selekzioko kideak Eusko Etxean egingo den afarira bilduko dira. Euskal etxeko zuzendaritza taldeak elkarteko kide eta lagunak bertaratu eta afarian parte hartzera gonbidatzen ditu, euskal jokalariak ezagutu ahal izateko.

'Aitaren Eguna' eta 'San Juan Sua' Caracasen

Topaketa hauezaz gain, Eusko Etxeak beste hitzordu batzuk ere iragarri ditu datozen egunetarako. Hasteko, larunbat honetan bertan Aitaren Eguna ospatuko dute Euskal Etxean, elkarteko 'aita eta aitatxu' guztiei omenaldia eginez arratsaldeko 18:00tan. Eta aste bete beranduago, larunbatez baita ere baina ekainaren 23an, arratsaldeko 19:00tan, elkarteko kideek bilkura egingo dute, hausnarketa foro gisa, ekaineko Euskal Gizataldeen Bilkurari begira Caracaseko euskal komunitatearen ikuspegia bilduko duen txostena prestatzeko. Bukatzeko, gau horretan bertan San Juan jaia egingo dute Eusko Etxean, urtero legez kide eta lagunei suaren gainetik salto egiteko gonbitea luzatuz.


Lotura interesgarriak

Caracaseko Eusko Etxea
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Euskadiko Futbol Federazioa-Federación Vasca de Futbol
www.eff-fvf.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia