Caracas, Venezuela. Jazoera buletina hilabetero argitaratzeaz gain ekimen berri bati ekin dio Pedro Javier Arriaga euskal venezuelar kolektibitateko erreferente nekaezinak, izan ere ‘Lo Vasco Venezolano’ izenpean Venezuelaren eta Euskal Herria eta euskaldunen arteko harreman emankorra islatzen duen fitxa bilduma bat argitaratzeari ekin baitio. Fitxetan erlazio horren agergarri diren hamaika eraikuntza, ohitura, oroitarri, pasadizo, istorio, pertsonaia, leku eta abarrei buruzko aipamenak egiten ditu, bakoitza testu eta argazki banarekin.
Etorkizunean material osoa liburu batera biltzeko ideia baztertzen ez badu ere, oraingoz Facebookeko bere kontuaren bidez eta posta elektronikoz helarazten ditu doanik fitxak. Jaso nahi dituenak jazoeraccs@gmail.com helbidera eskatu ditzake.
Zazpi fitxa kaleratu ditu orain artean eta datozen egunetan igorriko du zortzigarrena. Fitxa bakoitzeko argazkiak Arriagak berak egindakoak dira, Venezuela osoan, kasu jakinen batean baita atzerrian ere, beti ere ‘Lo Vasco Venezolano’ kontzeptupean.
Pedro Javier Arriaga uztailaren 10ean hasi zen proiektu berriako fitxak bidaltzen, data hori euskal erbesteratuen omenez. Izan ere egun bat lehenago, uztailaren 9an, baina 1939koan iritsi zen La Guaira portura ‘Cuba’ itsasontzia, euskal venezuelar ‘historia modernoa’ idazten hasi ziren lehenengo erbesteratuak barruan.