Aurten ere Caraboboko Euskal Venezuelar elkarteak San Fermin Eguneko festa jendetsua ospatu zuen, bertaratu zirenen artean Caracasko Eusko Etxeako talde bat ere izan zen, giro ederraz gozatzeko prest. Urtero legez, festako unerik zirraragarriena bigantxak atera zirenekoa izan zen. Ikusi jarraian eguneko argazki galeria.
Valencia, Venezuela. Caraboboko Euskal Venezuelar elkarteak San Fermin festa ospatu zuen iragan uztailaren 9an eta urtero legez, lagun andana bildu zen euskal etxera. Festa goizeko hamarretan hasi zen, bertaratu zirenei ongi etorriarekin. Aspaldiko lagunak agurtzeko unea izan zen; gonbidatuen artean, leku berezia izan zuten Caracaseko Eusko Etxea elkartetik etorri ziren lagunak.
Gainera, Caracaseko bisitariek festaz gozatzeaz gain, lana ere egin zuten: izan ere, Eusko Etxeko zuzendaritzak eta Caraboboko euskal etxekoak bilera egin zuten, bi elkarteen arteko lankidetza harremana indartzeko asmoz eta elkarrekin sustatzen ari diren zenbait proiektuei buruz hitz egiteko.
Eguerdiko ordubatetan Txupinazoa bota zuten eta orduan hasi ziren eguneko jarduera nagusiak. Eguneko izarrak, zalantzarik gabe, bigantxak izan ziren. Adin guztietako partehartzaileek izan zuten bigantxekin jolasteko aukera, beti ere, animaliak errespetatuz eta bigantxak ukitu gabe. Horrez gain, aizkolariek herri kirol erakustaldia eskaini zuten eta eguna giro ederrean amaitzeko erromeria egin zen.
Jarraian, Caracaseko Eusko Etxeak sarean partekatu dituen eguneko zenbait argazki: