euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelasko Denak Bateko ordezkariek irabazi dute Ayacuchoko Euskal Odolak antolatutako Eskualdeko Mus Txapelketa

2024/11/08

7 euskal etxetako 31 bikotek parte hartu zuten Ayacuchoko Euskal Odolan egindako Eskualdeko Mus Txapelketan
7 euskal etxetako 31 bikotek parte hartu zuten Ayacuchoko Euskal Odolan egindako Eskualdeko Mus Txapelketan

PUBLIZITATEA

Ayacucho, Argentina. Muslarien grinak ez du egutegiaz ulertzen, eta hurrengo hitzordura arteko egunak luzeak suertatzen ohi zaizkie oso. Horren aringarri, Ayacuchoko Euskal Odola& Euskal Etxeak Eskualdeko Mus Txapelketa bat antolatu zuen joan den igandean, urriaren 27an, giro ezin hobean. Buenos Aires probintziako 7 euskal etxetako 31 muslari bikote elkarren kontra ritu ziren jokoan egun osoan. Cañuelasko Denak Bateko ordezkari& ziren Miguel Angel Yusti eta Eduardo “Carpito” Markuch bikotea gertatu zen txapeldun eta, bigarren lekuan, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeko Mauricio Irastorza eta Miguel Angel Cabrera.

Eskarmentu handiko muslaria da Eduardo “Carpito” Markuch. Hiru bikotekide ezberdinekin, Argentinako txapelketa irabazitakoa da hirutan. 2002an Miarritzeko munduko txapelketetan hartu zuen parte, 2008an Bartzelonakoan, eta duela bi urte, bere hirugarren txapelketa nazionala lortu ondoren, Estatu Batuetako Boiseko Mundukoan, txapeldunorde geratuz. EuskalKultura.eus-i aipatu dionez, Ayacuchoko norgehiagoka “oso igande atsegina izan zen, eta oso ondo artatu gintuzten Ayacuchoko Euskal Etxekoek. Bizpahiru partida oso gogor jokatu ondoren iritsi ginen finalera, eta garaipena lortzeko zortea izan genuen”, adierazi du, Ayacuchoko lehiaketan Miguel Angel Yusti, hau ere trebe eta eskarmentuduna, taldekide zuela.

 
Miguel Angel Yusti eta Eduardo "Carpito" Markuch txapeldunak, eta Mauricio Irastorza eta Miguel Angel Cabrera txapeldunordeak

Gosaldu ondoren, goizeko 10etan hasi ziren partidak. 13etan bazkaria partekatu zuten, Cañuelasko Juan Carlos Young muslariaren ikuskizun musikalak alaiturik. 15etan ekin zitzaion berriro txapelketari, eta 20:30ean amaitu zen, Cañuelasko bikotearen garaipenarekin. "Sailkatzeko balio ez duen txapelketa zen. Inguruko euskal etxeei gonbitea luzatu genien mus igande bat partekatzeko, eskualdeko muslariekin jokatzen jarraitzeko, hurrengo Txapelketa Nazionalaren zain egon beharrik gabe", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Facundo Ibarra muslari eta ekitaldiaren antolatzaile taldekoa. Honako EEeak izan ziren partaide: Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Cañuelasko Denak Bat, Saladilloko Itxaropen, Maipuko Anaitasuna, Tandilgo Gure Etxea, Raucheko Gure Txokoa, eta Euskal Odola anfitrioia, orotara 62 muslari lehian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia