euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko Abesbatzak 20. urte bete ditu eta garai guztietako kideak bilduz ospatu du

2016/07/07

Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko Abesbatza bere 20. urteurrenean
Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko Abesbatza bere 20. urteurrenean

PUBLIZITATEA

Bi hamarkada daramatza Cañuelasko euskal abesbatzak musika eta abestien bidez euskal kultura zabaltzen. Eta nahiz eta jardunbide luzea izan, gaztea mantentzen da taldea, inoiz ez baitie proposamen berriei uko egiten. Santiago Lopez maisua zuzendari, 2016ko Euskal Abesbatzen topaketara ere gonbidatzen du taldeak: elkarretaratzea abuztuaren 27an izango da Denak Bat-eko instalazioetan.

Cañuelas, Argentina. 1995. urtean sortu zuten arren, 1996an sendotu zen abeslarien taldea eta sendotze horrekin batera hasi ziren etengabeko emanaldiak. Hogei urte hauetan hamaika agertokitan aritu izan da Cañuelasko Denak Bat Abesbatza, euskal kolektibitatearen jaialdietan, tartean Euskal Aste Nazionaletako Koruen Topaketak, euskal etxeek antolatutako Euskal Abesbatzen Topaketetan eta baita Denak Bat-ek berak urtero ospatzen duen Aberri Eguneko Dantzarien Topaketan. Baina euskal eremutik at ere badu izena abesbatzak eta koruen hainbat kantalditan hartzen du urtero, beti ere bere errepertorio elebiduna aurkezten.

20 urte arrakastatsu hauek ospatzeko, afari bat partekatu zuten uztailaren 2an abesbatzako kideek, gonbidatu bereziekin. Izan ere, taldean orain ez dauden kantari batzuk eta zuzendari ohiak ere bertaratu ziren Denak Bat-eko egoitzara koruarekin topa egitera. Abesteko garaian, ahots guztiek egin zuten bat koruaren klasikoak abesteko.

Historia apur bat

EuskalKultura.com-ekin hizketan, abesbatzaren zuzendaria den Santiago Lopezek azaldu du 1995ean Etxeko kide batzuek, gehienak emakumeek, erabaki zutela abesbatza sortzea. “Garai hartan udaleko abesbatza desegin zen, eta hutsune hori sentitzen zen. Beraz, deialdia egin zuten emakume horiek jendea euskal etxera hurbil zedin eta talde berri bat sortzeko”.

Deialdiak erantzun ona jaso zuen eta 1996an taldea prest egon zen tauletara igotzeko. “Hasieran, euskaraz bakarrik abesten zuten. Garai hartako zuzendariak, Isabel Etcheguiak, eskuz idazten zituen partiturak… nik ikusita ditut batzuk”, adierazi digu Lopezek. “Beste ezaugarri bat ahots bakarrean abesten zutena zen… abesbatza bazen ere, tonu berean kantatzen zuten guztiek hasieran. Denboraren poderioz eta zuzendariak pasatu ahala, asko hobetu da korua, ahots ezberdinetan hasi zen abesten eta jantziak ere egin zituzten emanaldietan dotore egoteko”.

Gaur egun

Santiago Lopez maisuak 2006an hartu zuen bere gain abesbatzaren zuzendaritza. Momentu honetan 20 bat kantari dira eta profesionalak ez badira ere, nahiko lan egiten dute gero eta hobeto abesteko. Ostiralero entseatzen dute, 20etatik 22etara, eta astelehenero ahots teknikak lantzen dituzte Vanesa Viola irakaslearekin.

“Errepertorioari dagokionez, lau zati dituela esango nuke”, azaldu digu zuzendariak. “Euskal Etxeko abesbatza denez, lehentasuna da euskaraz abestea, horrexegatik eta proiektuaren nortasuna ez galtzeko, errepertorioaren zati bat euskara hutsean dago. Gero, eta euskara ez dakiten pertsonei begira, gaztelaniazko estrofa batzuk dituzten abesti pare bat ere sartu ditugu zerrendan, hala nola ‘Andre Madalen’ eta ‘Aldapeko’. Hirugarren zatian, Argentinako autoreen abestiak sartzen dira; eta azkenean errepertorio unibertsalekoak. Horrela antolatuta euskal etxeen topaketetan ez ezik edozein koruen errezitalean har dezakegu parte eta euskal abestiak euskal etxeetatik kanpo ezagutarazi”, azaldu digu Lopezek.

Planei begira, Euskal Koruen Topaketa antolatuko dute cañuelastarrek abuztuaren 27an. Urrian, berriz, Cañuelasko Abesbatzen topaketa egin nahi dute. Bi kasuetan, emanaldiak bukatu eta gero, afaria eskainiko dizkiete anfitrioiek gonbidatuei.

Bukatzeko, Santiago Lopez zuzendariak jakinarazi du Cañuelasko Denak Bateko Abesbatzako kide izateko ez dela beharrezkoa musika edota kantu ezagutzarik izateko. Interesatuek entsegu egunean joatea besterik ez dute.

Abesbatzaren ibilbidea biltzen duen bideo bat ikusteko, klik hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia