euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelasko Denak Bat-eko Margarita Mathieuk Gasteizko ‘Músicos sin Fronteras’ GKEaren ‘Iparragirre’ saria jaso du

2021/09/24

Lehenengoz eman du aurten 'Iparragirre' saria Gasteizko 'Músicos sin fronteras' ONGak
Lehenengoz eman du aurten 'Iparragirre' saria Gasteizko 'Músicos sin fronteras' ONGak

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Euskal Diasporaren Eguneko programan, momentu berezia izan zuen Denak Bat-eko Margarita Mathieuk ‘José María Iparragirre’ saria jasotzean. Saria ‘Músicos sin Fronteras’ (Mugarik gabeko musikariak) Gobernuz Kanpoko Erakunde gasteiztarraren ekimena da eta aurten hasita urtero emango zaio Argentina edota Uruguaiko euskal diasporako erreferente bati. Cañuelasko Euskal Etxeko Diasporaren Eguneko ospakizun birtualean Cesar Arrondo irakasleak eskuratu zion saria Margarita Mathieu-ri, Andres Maria Irujo Ollori buruzko bere hitzaldiaren ostean.

Denak Bat-etik adierazi zaigunez, “euskal kulturaren eta gure euskal etxearen alde egindako lanagatik eman diote saria Margaritari. Elkarteko idazkaria izan zen Euskal Etxea berpiztu zenean; gero lehendakariordea, eta ondoren hiru urtez lehendakaria. Orain diruzaina da. Euskal Etxeko bazkide zaharrenen artean dago eta 1992tik hona antolatu diren ekintza guztietako bultzatzaile nagusia izan da”, azaldu digu elkarteko egungo lehendakari Verónica Zulaicak.

‘José María Iparragirre’ saria

Argentinako eta Uruguaiko euskal diasporari begira ‘José María Iparragirre’ saria sortzeko ideia Cesar Arrondok ekarri zuen duela bi urte. Berak aurkeztu zion ‘Músicos sin Fronteras’ GKEari eta baiezkoa eman zioten. Arrondok jakinarazi digunez, Erakundeak 25 urte daramatza beharrean diren umeei musikaren bidez laguntzen. “Erakundeko sortzaile eta presidentea den Jesús María Alegría Urtiaga «Pinttu» laguna dut eta Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrenean, Iparragirre berari eta euskal diasporako lagunei omentzeko ideia ona iruditu zitzaidan saria sortzea”, adierazi digu.

Saria urtero ematekotan dira. Arrondok berak eta Luis Aramburuk izango dute hautagaiak biltzeko ardura, GKEaren bermepean. Emanaldia Hego Hemisferioko udaberrian gauzatuko da, eta hautatuak “euskal kulturarekin oso engaiamendu handia duten pertsonak izango dira, isilpean lan egiten dutenak, Uruguaikoak edo Argentinakoak, bi herrialde hauetan bizi izan baitzen ‘Gernikako Arbolaren’ egilea”, azaldu du Arrondok.

Zorionak, Margarita!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia