euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelaseko Euskal Etxeak Buenos Aires Probintziako dantzariak bildu nahi ditu I. Topaketa Erregionalean

2007/03/20

Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzari txikien taldea
Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzari txikien taldea

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Cañuelas hiriak inguruetako euskal etxeetako ehun dantzaritik gora hartuko ditu martxoaren 31a eta apirilaren 1ean egingo den I. Dantzari Topaketa Erregionalean. Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak antolatu du bilkura, Aberri Egunarekin batera egingo delarik. Bederatzi euskal etxetako dantza taldeek ziurtatu dute jada euren parte hartzea Cañuelas euskal dantzen soinu eta koloreekin beteko duen asteburu honetan.
Cañuelaseko Euskal Etxeko kide eta lagunek ilusio handiz itxaroten dute martxoaren 31a noiz helduko. Eta ez soilik asteburu horretan urteroko Aberri Egunaren jaia egingo dutelako, euskal dantzek 50.000 biztanleko hiri hau astinduko dutelako baizik. Arrazoia, Denak Bat Euskal Etxeak antolatu duen I. Dantzari Topaketa Erregionala, asteburu horretan inguruetako bederatzi euskal etxetako dantza taldeak bilduko dituena. Oraingo datuen arabera, 120 dantzaritik gora bilduko dira Cañuelasen, Denak Bateko lehendakari Margarita Mathieuk EuskalKultura.com-i aurreratu dionez.

Dagoeneko euren parte hartzea konfirmatu duten Euskal Etxeak honokoak dira: Mar del Plata, Saladillo, Chascomús, La Plata, Jose C. Paz, Pergamino, Lomas de Zamora eta General Villegas, Denak Bateko anfitrioiekin batera. Egitaraua larunbat goizean hasiko da, sokatira eta beste joko eta herri kirol erakusketa batekin. Arratsaldean kalejira bat egingo da, Cañuelaseko plazatik hasita, danborradarekin batera. 'Euskal Etxeak urtero ospatzen du San Sebastian eguna, eta danbor eta sukaldari trajeekin aterako gara oraingoan ere herriko kaleetan barrena', dio lehendakariak.

Etorkizunari begira

Hitzordu nagusia arratsaldean iritsiko da herriko plazan jarriko den oholtzarekin. Bertan arituko dira euskal etxe desberdinetako dantzariak, talde bakoitzak bi dantza egin ahal izango dituelarik. Gauean erromeria egingo de Denak Baten egoitzan eta biharamunean bazkari herrikoi bat. Dagoeneko 250 lagundik gora espero dituzte antolatzaileek, hasiera ezinhobea etorkizunerako errefentzia izateko gogoarekin jaio den topaketa honentzat. [Goiko irudian, topaketaren kartela]


Lotura interesgarriak

Denak Bat Euskal Etxea, Cañuelas
www.geocities.com/canuelasdenakbat

Margarita Mathieu, Denak Bateko lehendakari berri
EuskalKultura.comen argitaratua, 2006ko apirilaren 20ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia