euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak dantzari gazte andana bildu zuen Aberri Eguneko Dantza Topaketan

2007/04/05

Dantzari Topaketan ikusi ahal izan zen erakustaldi bat (argazkiak infocanuelas.com)
Dantzari Topaketan ikusi ahal izan zen erakustaldi bat (argazkiak infocanuelas.com)

PUBLIZITATEA

Aberri Eguneko ekitaldiak hasiak dira jada Argentinan eta lagun eta bazkideak bildu dituen elkarte goiztiarrena Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxea izan da. Hasiberriak dira Cañuelasekoak Aberri Eguna ospatze kontuetan, aurtengoa izan baita euren lehen aldia, baina ezin ukatu gogotsu hasi direla, probintziako dantzariak bildu zituen topaketa egin baitzuten Aberri Eguna ospatzeko. Topaketa joan den asteburuan zehar egin zuten eta inguruetako zazpi euskal etxeetako dantza taldeak bildu zituzten bertan, Cañuelasekoaz gain, giro paregabean.
Joan den larunbatean Buenos Aires probintziako dantzari gazte mordoa bildu zen Cañuelas hirian. Elgarreratzearen helburua Aberri Eguna ospatzea zen eta asmo horrekin heldu ziren Mar del Plata, Chascomús, La plata, Saladillo, Lomas de Zamora, Pergamino eta General Villegaseko euskal etxeetako dantza taldeak Cañuelasera. Larunbat goizean dantzari gazteek aisialdi eta kirol tartea izan zuten Smata kirol zelaian, hirigunetik 10 kilometrotara. Bertan sokatira, zaku lasterketa eta beste euskal joko egin zituzten eta elkar ezagutu eta erlaxatzeko tarte aproposa izan zen.

Arratsaldean euskal etxeetako ordezaritzak hirigunera bueltatu ziren eta plaza nagusiko eskenatokian dantza erakustaldia eskaini zuten Cañuelaseko biztanle eta bertaratutako probintziako ikusleentzat. 'Ikuskizuna kalejira batekin hasi zen, dantzariak eszenatokiraino eramateko. Ondoren euskal etxeko Danborradak jo zuen eta jarraian dantza taldeen erakustaldiak etorri ziren', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Margarita Mathieuk, Denak Bateko lehendakariak.

'Talde bakoitzak bi dantza eskaini zituen', azaltzen du Mathieuk. Larunbateko jaia erromeria batekin bukatu zen eta lagun asko bildu ziren bertara, ez bakarrik euskal etxeko kide asko, baizik eta baita jaian parte hartu nahi zuen elkarteaz kanpoko jende ugari ere, Mathieuk aipatu zuenez. Azkenik igandean Topaketan parte hartu zuten talde eta dantzariekin bazkari bat egin zen, Aberri Egunaren ospakizun ekitaldi hauei bukaera polita emanaz. [Ezkerreko irudian Dantzari Topaketan parte hartu zuen dantzari talde bat, kalejiraren une batean (argazkia www.infocanuelas.com)]

2007rako aktibitateak

Bide batez, Denak Batek 2007 urterako prestatu dituen ekintzen berri ere eman zuen. Hasteko, euskal etxeak helduentzako euskara klaseekin jarraituko, Boga sistemaren bitartez. Txikien euskarazko klaseak ere emango dituzte, haurrek joko eta abestien bitartez euskarazko lehenengo hitzak eta kontzeptuak ikas ditzaten. Dantza klaseak izango dira urteko ekintzen beste oinarrietako bat, bai nagusi eta baita txikientzako dantza klaseak emango dituztelarik. [Eskubiko irudian General Villegaseko Euskal Etxeko dantzarien erakustaldia (argazkia VillegasEE)]


Lotura interesgarriak

Denak Bat Euskal Etxea, Cañuelas
www.geocities.com/canuelasdenakbat

Topaketari buruzko argazki erreportai bat
www.infocanuelas.com

Cañuelaseko Euskal Etxeak inguruko dantzariak bilduko ditu
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia