euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelas eta Txileko Santiagoko EEek joan den asteburuan ospatu zuten Aberri Eguna eta Las Vegasekoak datorrenean

2024/04/16

Denak Bat EE antolatzaileak opari bana eman zien Cañuelaseko Aberri Egunean parte hartu zuten Euskal Etxe eta ordezkaritza guztiei
Denak Bat EE antolatzaileak opari bana eman zien Cañuelaseko Aberri Egunean parte hartu zuten Euskal Etxe eta ordezkaritza guztiei

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Joan den hilabetearen amaieratik, eta baita martxoaren 31 baino lehen ere, hainbat ekitaldi egin izan dira Argentinan Aberri Eguna ospatu eta euskal nazioa aldarrikatzeko. Erbesteratutako Diasporaren egutegiaren ezinbesteko datetako bat da izan da historikoki. Hitzorduen eguna, ordea, ez da leku guztietan bera, izan ere Aste Santuko oporren etenaldia dela eta, ohikoa da euskal etxe askotan ospakizuna egun, edo aste batzuk atzeratzea. Joan den asteburuan bertan, Cañuelaseko Denak Baten (Argentina) eta Txileko Santiagoko Euzko Etxean ospatu zuten. Eta datorrenean, Las Vegaseko Lagun Onak-ekoa (AEB) geratzen da oraindik. Argentina da gehien ospatzen den munduko herrialdea eta entrega berri honetan, bertako azken hitzorduetako batzuk azpimarratzen ditugu.

Modu asko daude EHan eta Diasporan Aberri Eguna ospatzeko. Diasporan, ospatzen duen EE bakoitzak hobeki datorkion eguna hautatzen du. Bada maiatzean ospatuko duenik ere

Argentina hegoaldetik hasita, Macachíngo Euzko Alkartasuna izan zen goiztiarrenetako bat. Ekitaldia martxoaren 29an izan zen Txoko Tabernan, pintxo eta traguak barne, gaua euskal musika eta dantzaz alaituta. Olavarrian, Gure Etxe Maiteak hilaren 31n ospatu zuen meza batekin Nuestra Señora del Monte Viggiano parrokian eta, irteeran, euskal dantzen erakusketarekin. Apirilaren 6an, larunbatean, Tandilgo Gure Etxean, Valeria Aramburu irakasleak Aberri Egunari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Horrez gain, pintxo dastaketa partekatu eta mus txapelketa egin zuten. Egun berean, Buenos Airesko Laurak Baten afari bat partekatu zuten, bertako dantzari taldeak edertuta.

Igandean, apirilaren 7an, Mar del Platako Denak Bat-ek goizean meza bat egin zuen Katedralean. Jarraian, Beti Alai dantzari taldeak emanaldia eskaini eta lagun arteko bazkaria partekatu zuten Euskal Etxeko tabernan. Egun berean, Bahía Blancako Union Vascak ere ospatu zuen, bazkari batekin, bertako dantza taldeak alaituta. Rosarion, berriz, Zazpirak Bateko lagunek larunbatean, apirilaren 13an, “Trainera” jatetxearen eskutik bildu ziren, eta dantza tradizionalen emanaldiarekin zelebratu. Dagoeneko bi aste pasa diren arren, ospakizunek aurrera darraite eta, aipatu ditugunez gain, bada urrunago joan eta maiatzean ospatzeko asmoa duenik ere, Cordobako Gerora taldeak adibidez maiatzaren 11ko gauerako iragarri baitu Eusko Peña bat Aberri Egunaren ospagarri.

[bihar Aberri Eguneko artikulu berri bat, Cañuelaseko Aberri Eguneko 16. Dantzari Topaketari eskainia]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia