Cañuelas, Argentina. Eguraldi txarrak ez zituen kikildu Cañuelasera bertaratu ziren dozenaka dantzari, abesbatzetako partaide eta diasporako kideak oro har. Denak Bat Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Aberri Egunaren hitzorduan parte hartzera bilduak joan den larunbatean, apirilaren 13an. Ospakizunaren 16. edizioan, lehenengo aldiz, ohiko Dantzarien Topaketarekin batera. programak Abesbatzen Topaketa ere baitaratu zuten. Aurten, bestalde, ekintzaileen azoka txiki bat ere antolatu zen eta amaiera gisa, elkarretaratzeak urtero erritmo eta giro jartzaile duen Daniel "Jopo" Galfredoren hirukotea aritu zen, gaueko erromeriako partaide beti txalotua.
Gaina hartuz aroari eta testuinguruari, bildutako dantzari eta partaide guztiek tinko eta gogoz egin zuten bat Aberri Eguneko urteroko hitzordu honi ilusio sendoz eutsiz
Ekitaldia 17etan hasi zen, Karmengo Andre Mariaren Elizan elizan euskal etxeetako koruek emandako kontzertu batekin. Bertan ziren Buenos Aireseko Euskaltzaleak abesbatza, Ana Etchepareren zuzendaritzapean, San Nicolaseko 'Errekatarrak', Jorge Mennaren batutapean, eta EE anfitrioiko abesbatza, Leandro Vallejoren zuzendari.
Kontzertua amaituta, euriak etengabe segitzen zuen eta programa osoa teilatupean jarraitzera behartu zuen. Danborrada eta dantza jaialdia Euskal Etxeko ondoko Italia antzokiko aretora eraman zen.
Ordezkaritzak eta buruzagiak
Honako hauek izan ziren emanaldian parte hartu zuen dantzari taldeak: Ayacuchoko Euskal Odola, Buenos Aireseko Oihankide Taldea eta Laurak Bat, Chacabucoko Guillermo Larregui, La Platako Euzko Etxea eta Cañuelaseko euskal etxe Denak Batena. Ospakizunean izan ziren, bestalde, Paranako "Presencia Vasca" irratsaioko ordezkariak, General. Rodriguezko 'Eusko Aterpea-koak eta Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat'eko gazteak.
Horiez gain, bertaratu eta partaide izan ziren baita ere Mikel Ezkerro historialaria, Bahia Blancako Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederra, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua eta Cañuelasko Intendente Marisa Fassi.