euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caldwellgo Basque Charities elkarteak milaka dolar bildu ditu beharra dutenei laguntzeko, urteroko Euskal Jaiarekin

2014/01/30

Herri kirolak Caldwellgo festaren zati garrantzitsua dira; txinmgatan, Boiseko suhiltzaileak izan ziren garaile (argazkia IdahoPressTribune)
Herri kirolak Caldwellgo festaren zati garrantzitsua dira; txinmgatan, Boiseko suhiltzaileak izan ziren garaile (argazkia IdahoPressTribune)

PUBLIZITATEA

AEBetako Idahotik hango bi elkartek egin dituzten euskal jaien berri heldu zaigu: batetik, Caldwellgo Euzkaldunak Basque Charities elkarteak arrakasta handia izan du aurten ere urteroko Basque Charity Dinner, Auction & Dance festarekin. Iragan urtarrilaren 18an egin zen jaiaren 46. edizioa, eta bertan bildutako dirua hirian beharra duten familiei laguntzeko erabiliko da. Bestetik, Mountain Home-n bertako euskal etxearen urteroko jaian hiru euskara irakaslek --Maria Fernandez, Izaskun Kortazar eta Itxaso Cayero-- euskal kanta herrikoien letrak eta esanahia erakutsi zieten elkartekoei, eta kantuan jarri zituzten bertako euskaldunak, giro ederrean.

Donostia-San Sebastián. AEBetan egunotan dabilen hotzarekin kikildu gabe, Idahoko bi euskal etxek -Mountain Home eta Caldwell-- azken asteoten egin dituzte euren urteroko euskal jaiak. Boisetik bertako euskara irakasle Maria Fernandez, Izaskun Kortazar eta Itxaso Cayerok helarazi digute Mountain Homeko Annual Basque Dinner delakoaren kronika, bertan izan baitziren bazkideei euskal kantak irakasten.

Hiru irakasleek euskal abesti tradizionalen abestien letrak irakatsi zizkieten euskal etxeko kideei eta euskaraz ez dakitenentzat itzuli egin zituzten ingelesera. Irakasleen esanetan, jaian giro oso ona izan zen eta aitxitxe eta amuma bat gehiago hunkitu egin ziren kantuan aspaldiko garaiak gogora ekarriz.

46. urtez Caldwell-en

Idahon ere, Euzkaldunak Caldwell Basque Charities elkarteak 46. Annual Caldwell Basque Charity Dinner, Auction and Dance jaia egin zuen iragan urtarrilaren 18an O'Connor Field House aretoan, emaitza bikainarekin, gainera. "Caldwell Euzkaldunak 25 lagunek osatutako taldea da eta gure denbora eta ahalegina ematen dugu komunitateari lagundu nahian", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kide Gina Bicandi Dowen-ek. "Urtero gure kultura alai eta jendeartekoaz baliatzen gara festa hau antolatu eta ongintzarako dirua biltzeko".

Aurten 525 lagunentzako afaria zerbitzatu zen. Menua: solomoa, makailua piperrekin, arroza, entsalada eta arroz pudding-a, Meridien-eko Epi euskal jatetxeak prestatua. Jaian Boiseko Txantxangorriak taldeak jo zuen, eta dantza erakustaldiak eskaini zituzten Herribatza Dantzariak taldeak (txikiak) eta Boiseko Oinkari Dancers taldeak. 

Jaiaren une nagusietako bat herri kirol probak izan ziren. Txinga eramatean borroka estua izan zuten Caldwellgo poliziek eta Boiseko suhiltzaileek (iazko irabazleek), baina azkenean boisetarrak izan ziren garaile. Sokatira txapelketa ere egin zen, inguruetako eskoletako umeen partehartzearekin. "Txikiak jo eta su aritu ziren tiraka eta asko disfrutatu zuten. Ikusleak ere buru belarri sartu ziren lehian, oihuka eta txaloka gazteak animatuz", esan du Gina Bicandik.

25.000 dolar

Jaiak urtero 25.000 dolar inguru biltzen ditu eta elkarteak urtean zehar herriko familiei laguntzeko baliatzen ditu. "Elkartearen 46 urte hauetan 2 milioi dolar inguru banatu ditugu gure komunitatean. Gure asmoa epe luzean laguntzea da, eta istripu, gaisotasun edo ezbehar bat jasan duenari sostengua ematea", azaldu du Ginak.

"Gutunak jasotzen ditugu laguntza eske eta batzorde batek aukeratu eta laguntzeko era egokiena bilatzen saiatzen da. Gure laguntza ez da komunikabideetan agertzen, horretan oso isilak gara. Laguntzen ditugunen izenak ez ditugu aditzera ematen; bakarrik eurek publikoki esker ona agertzen badigute jakiten dira. Guretzako ohorea da norbaiten bizitza hobetu ahal izatea", amaitu du Bicandi Dowenek.

Informazio gehiago Idaho Press Tribune aldizkariaren artikulu honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia