euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Burujabetzaren Jaian’ parte hartzeak abiarazi du Aberri Etxea Euskal Etxearen 2017ko ekintza programa

2017/03/09

Aberri Etxea Euskal Etxea ‘Patagoniaren Burujabetza Jai’ko desfilean
Aberri Etxea Euskal Etxea ‘Patagoniaren Burujabetza Jai’ko desfilean

PUBLIZITATEA

Urteroko ohiturari jarraituz, Carmen de Patagonesko Udalak antolatutako ‘Patagoniaren Burujabetzaren Jai’ko desfile nagusian hartu du parte Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxea Euskal Etxeak. Publiko ugariren aurrean euskal ordezkaritza harro agertu zen ikurrina eta jantzi tipikoak erakutsiz hiriko kaleetan zehar egindako ibilbidean.

Carmen de Patagones, Argentina. Martxoaren 3tik 7ra ospatu da aurten Patagoniaren eta Buenos Aires probintziaren hego mugan dagoen Carmen de Patagones hirian ‘Patagoniako Burujabetzaren Jaia’. Bertan garrantzi handia duen jaialdi honetan euskal gizataldea ordezkatzea izaten da Aberri Etxea Euskal Etxearen urteko lehenengo betebeharra eta, ohitura horri jarraituz, 2017 honetan ere elkarteko lagun talde batek jaiko desfile nagusian hartu zuen parte euskaldunen ordezkari.

Jaiaren garrantziaz Euskal Etxeko euskara irakasle den Rocio Basterrak azaltzen duenez, “Viedma-Patagones hirien eskualdea Patagoniako lehenengo kokalekua izan zen, eta horren ondorioz, gobernuaren egoitza. 1827. urteko martxoaren 7an brasildarren eraso bat jaso zuten patagoniarrek –Brasilek Patagonia bereganatu nahi zuela-eta– eta eskualdeko jendeak biziki defenditu zuen bere lurra. Rio Negro ibaiaren baldintzek eta eguraldiak asko lagundu zieten bertakoei gailendu ahal izateko; izan ere, Brasilgo soldaduek ezin izan zituzten jasan ez tenperaturak ezta ibaiaren ur lasterrak ere".

"Hori dela eta urtero ospatzen dugu ‘Patagoniaren Burujabetzaren Jaia’, eta zinez ederra da bi herrietako, Viedma eta Patagoneseko, hainbat elkarte eta erakundek –tartean kolektibitateek– parte hartzen dutelako. Gure kasuan, gainera, gure Euskal Etxeak 20 urte bete zituen iazko azaroan eta oso harro eraman dugu urtemuga berezi horretarako diseinatu genuen kartela”, agertu dio EuskalKultura.com-i

Ikasturtearen hasiera

Mota askotako ekintzak eskainiko dizkio aurten ere Euskal Etxeak Rio Negro itsasoratzen den eskualdeko komunitateari. Ikastaro eta tailerrak martxoan zehar hasiko dira eta batzorde eta irakasleak bilerak ari dira egiten ordutegiak adosteko. Eskaintza zabala izango da, tartean helduentzako euskara eta dantza klaseak, umeentzako euskara eta dantza tailerrak, zinea, musa eta sukaldaritza ere barne.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia