euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Burns eskoziarra zen azken finean': AEBetako Kongresuko Liburutegian Eskoziako idazleak, eskoziar berriz ere

2008/01/24

Washingtonen dago afera honetan protagonista izan den AEBetako Kongresuko Liburutegia
Washingtonen dago afera honetan protagonista izan den AEBetako Kongresuko Liburutegia

PUBLIZITATEA

Nazio txikien kexak batzuetan eragina izaten dutenaren froga da The Times egunkariak aireratu duen afera. Antza Washintongo United States Library of Congress liburutegiak idazle eskoziarrak 'ingeles idazleak' izenburupean sailkatzea erabaki zuen joan den udazkenean. Orain, baina, Eskoziatik eta Estatu Batuetako eskoziarrengandik jasotako kexuak kontuan hartuz, erabakian atzera egin du munduko liburutegi handien eta garrantzitsuenetakoa denak. Gure artean, Sustatu.com webguneak bildu zuen datozen lerrootan garatzen dugun berria.
The Times egunkari ezaguna eta AEBtako eskoziar komunitate eraginkorra tartean ibiltzeak Kongresuko Liburutegiaren zuzenketan eragina izango zuen seguruenik. The Times izan zen idazle eskoziarrak 'ingeles' izenburupean sailkatzeko erabakiaren berri eman zuena, joan den udazkenean, eta harrez gero Eskoziako idazle, politikari, akademiko, liburutegi zein argitaletxeak asaldatuta ibili dira.

'Erabakiak Scottish Literature terminoa gehiago ez erabiltzea esan nahi zuen. Horren ordez, Burns, Scott eta Stevenson zein Irvine Welsh, Alexander McCall Smith eta Ian Rankin bezalako idazle eskoziarrak idazle ingeles bezala sailkatu zituzten', gogoratzen du The Times-ek. Eskoziarren erantzuna berehalakoa eta zalapartatsua izan zen, eta orain Kongresuko Liburutegiak erabakian atzera egingo duela jakinarazi du.

Kanpainia Eskozian eta Estatu Batuetan

Kongresuko Liburutegiaren erabakiaren aurkako kanpaina sustatu zutenetako bat Linda Fabiani Eskoziako Kultura ministroa izan zen. Fabianik AEBetako North Carolina estatuko Mike McIntyre kongresukide demokratari azaldu zion auzia (McIntyre Kongresuko Friends of Scotland, Eskoziako Lagunak, eritzi taldeko kidea da). American Modern Language Association elkarteak ere presioa egin zuen Chicagon egin zen urteroko bilkuraren ostean eta Eskoziako Liburutegi Nazionalak ere bere indarra jarri zuen kanpaina honen atzean.

Eskoziarrek pozez hartu dute atzera egiteko erabakia, The Times-ek aditzera ematen duenez. 'Logika kontua da gauza hauek nazioaren arabera sailkatuz gero eskoziar literaturak literatura nazional independentea behar duela izan, nahiz eta estatu nazional independientea ez izan', adierazi du, adibidez, Cairns Craig, Aberdeeneko Unibertsitateko Eskoziar eta Irlandar Ikasketetako irakasleak.


Lotura interesgarriak

'Burns was a Scot after all, US library admits'
www.timesonline.co.uk

The Times-en artikulua euskaratua
Sustatu.com webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia