euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bulegoren kanta du Euskaraldia 2025ek, maiatzean izango eta 'Ahobizi' & 'Belarriprest'en beharra du baita Diasporan ere

2024/12/31

Euskaraldiaren 4. edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era luzatuko da
Euskaraldiaren 4. edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era luzatuko da

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskaraldia delako ariketa soziolinguistikoa bere laugarren ediziora iritsiko da 2025ean, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean. Ekimena nobedade batzuekin dator, tartean data aldaketa. Izan ere aurreko hiru edizioak azaroaren amaieran-abenduaren hasieran egin ziren, Euskararen Eguneko ospakizunekin bat eginez. 2025eko edizioa, berriz, Ipar Hemisferioko udaberrian izango da, maiatzaren 15etik 25era, “Euskaraldia ariketa soziala baita eta udaberria urtaro egokiagoa delako kalean sozializatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Urte berrian sartu aurretik, 2024ko azken txanpan Euskaraldiaren enbaxadore izango den ‘Hamaikakoa’ aurkeztu zen, edizio berriaren sustengatzaile izango den herritar ezagun taldea. Taldea Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ezagunak diren euskal kulturaren erreferenteek osatzen dute, inoren ordezkari izan gabe eta modu pertsonalean eta borondatez parte hartu eta eragile publiko izango direnak, urrats hau emanez euskararekin hartu duten konpromisoaren edierazgarri.


Hona hamaikakoa Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean: ezkerretik eskuinera, Eneko Atxa Azurmendi sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia Urizar mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea Zabalza musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia del Rio idazlea, Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia Erkiaga kazetari, aurkezle eta umoregilea, Itziar Ituño Martinez aktorea, Roberto Moso Gil komunikatzailea, Zibel Untsain Damestoy dantzaria, Esti Urresola Solaguren zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea Azkueta pilotaria (argazkia Euskaraldia)

Euskaraldiaren 4. edizioak bere kanta ete bideoa ere baditu. Abestiak ‘Gure Bihotzaren Taupadak’ du izena eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen Bulego talde oihartzuntsuak.


‘Gure Bihotzaren Taupadak’ abestiaren bideoa

Bestela, Euskaraldiaren dinamikak aurreko urteetako ildoari segituko dio. Partaideek ‘Ahobizi’ ala ‘Belarriprest’ rola hautatuko dute, izena emango dute, eta hamaika egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Txapak norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egin ahal den euskaraz.

Diasporako ‘Ahobizi’ak eta ‘Belarriprest’ak

Aurreko edizioetan bezala munduko euskal etxeek eta irakurletzek badute aukera Euskaraldiarekin, tokian tokiko ezaugarrekin, bat egiteko. Oso zaila da "kalean egiten den ariketa soziala bezala" burutzea baina aitzaki polita da izan daiteke, adibidez, Euskal Etxean hizkuntzaren erabilera eskoletatik kanpo bultzatzeko.

Mintzodromoa, topaketak, jolasak, bideoak… Zein izango da zure euskara taldearen proposamena 2025eko Euskaraldiarentzat? Ekintzak prestatzen hasteko, hemen duzu informazio eta materiala. Izena emateko epea, martxoan irekiko da.

- Euskaraldia sareetan, Facebook, X (Twitter), Instagram



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia