San Frantzisko, AEB. 2019an bildu ziren Tomas Lizarazu (ahotsa) Xabier Arrieta (perkutsioa), Ruben Lizarralde (gitarra) eta Elba Azpillaga (tekatuak) Bulego pop taldea sortzeko. Oso denbora gutxitan izugarrizko arrakasta lortu zuen talde azkoitiarrak, besteak beste, ‘Kantu bat’, ‘Bueltan da’ edo ‘Zure begi horiek’ abestiei esker. Iaz, gainera, euren karreran mugarri izan den proposamen bat iritsi zitzaien. Euskaraldia ekitaldirako kanta egitea. Eta egin egin zuten gazteek, beren ohiko erritmo eta konpromisoarekin.
Egindako lanak zabaltzeko ordua iritsi zaio orain taldeari eta urte hasieratik Espainiako Estatuan emandako kontzertuez gain, beste hamar dituzte baieztatuta datozen hilabeteetarako, gehienak Euskal Herritik kanpo. ‘Aldatu aurretik’ biraren Estatu Batuetako emanaldiak ostegun honetan hasiko dira, programa hau jarraituz:
- Martxoaren 20an, osteguna, 19etan, San Frantziskon. The Hotel Utah Saloon aretoan. Sarrerak hemen.
- Martxoaren 21ean, ostirala, 20etan, Bakersfielden. Euskal Etxean (saio akustikoa). Sarrerak hemen.
- Martxoaren 22an, larunbata, 21etan, San Frantziskon Gure Euskal Etxean, sarrera doan.
- Martxoaren 23an, igandea, Chinoko Euskal Etxean, kideen bazkalostean, saio akustikoa.
- Martxoaren 26an, asteazkena, 20etan, Boiseko ‘Boise Brewing’ garagardotegian, sarrera doan.
- Martxoaren 27an, osteguna, 19:50etan, Boisen Boiseko Euskal Etxean, sarrerak hemen.
Estatu Batuetatik bueltan, Bilbon (ekainak 7, sarrerak hemen), Madrilen (urriak 3, sarrerak hemen) eta Bartzelonan (urriak 25, sarrerak hemen) ere joko du taldeak.
Bulegoren etorkizunari dagokionez, taldekideek jakinarazi dute sare sozialen bidez urte amaieran “geldialdi batean" murgilduko direla eta 2026an ez dutela kontzerturik eskainiko. Hori baino lehen, ordea, beste bi kontzertu eskainiko dituzte Bilbon, azaroaren 8an eta 9an, Euskalduna Jauregian. Sarrerak agortuta daudenez adi egon behar da beste dataren bat jartzen badute.