euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bularreko minbizia ikertzen duten lanak babesteko diru bilketa egingo dute Kaliforniako Chino herriko euskaldunek

2015/09/21

'Bascos for Boobies' elkarteko emakumeak talde berriaren inguruko informazioa ematen ibili dira azken asteota, urriaren 3ko ekitaldia ezagutaraziz ere, bide batez (Irudia: E.K.; Argazkiak: A. Gariador)
'Bascos for Boobies' elkarteko emakumeak talde berriaren inguruko informazioa ematen ibili dira azken asteota, urriaren 3ko ekitaldia ezagutaraziz ere, bide batez (Irudia: E.K.; Argazkiak: A. Gariador)

PUBLIZITATEA

‘Bascos for Boobies’ elkartea sortu da Chinoko (Kalifornia, AEB) euskal komunitatearen baitan, bularreko minbizia ikertzen duten lanak 20.000 dolarrekin laguntze aldera. ‘Euskaldunak titien alde’ bezala itzul daiteke taldearen izena eta, helburua lortzeko, herriko zenbait tokitik igaroko den ibilaldia antolatu dute urriaren 3rako. “Euskal komunitatean maite genituen asko joan zaizkigu bularreko minbiziagatik eta, batzuk, jarraitzen dute oraino honen kontra  borrokan. Oso hurbilekoa dugun gaia da eta hori izan da taldea eta ekitaldia martxan jartzeko arrazoietako bat”, esan dioEuskalKultura.com-i  Anne Gariador bozemaileak.

Chino, AEB. Taldearen helburua 20.000 dolar batzea, eta New Yorkeko Breast Cancer Research Foundation elkarteari ematea da. Bascos for Boobies-en Facebook-eko orrian argiro azaltzen duen legez, A+ bezala markatuta dagoen elkartea da hori, donazioen %91 ikerketara zuzentzen duelako. Euskal talde honek badaki batu nahi duten diru kantitatea ez dela hutsala eta, horregatik, urte bukaerainoko epea emango diote jendeari donazioak egiteko. “Hala ere, ibililaldiaren egunean espero dugu diru gehien batzea”, esan digute.

Ibilbidea

Chinoko Euskal Etxean hasi, ospitalera joan eta klubera buelta da parte hartzaileek egingo dutena. Guztira hamaika kilometro luze. Goizeko 8:00etan hasiko dira eta arratsaldeko 15:30erako amaitzea espero dute, beranduenez, bidean, zenbait tabernetan gelditzea espero baitute (tartean Centro Basco ezaguna). 100 dolar ordaindu beharko dute parte hartzaileek eta, gaur gaurkoz, 40 lagun inguruk eman dute izena.

Laguntzeko beste bide batzuk

Ibilaldian parte hartu ezin dutenek ere badute nola lagundu. Ekitaldiko babesle izan zaitezke, adibidez, 500 dolar ordainduta eta parte hartzaileen elastikoetan zeure izena agertuz, edota Euskal Etxera hurbil zaitezke egunean zehar, tabernan saldutako freskagarri guztiengatik jasotako dirua ere helburu honi emango baitiote.

Afaria ere izango da euskal klubean, arratsaldeko 19:00etan hasita. 50 dolarreko sarrera ordainduta, paella, haragi-xerra eta ardoa zerbitzatuko dute. Sarreren portzentaje bat ere donazio bezala emango dute. Afalostean zozketa bat ere izango da.

* Izena ematea hilaren 27a baino lehenago egitea eskatu dute antolatzaileek
E-posta: anne.gariador@yahoo.com
Tfnoa: +1 (909) 210-4256



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia