Bahia Blanca, Argentina. Uztailaren 15etik 22ra egin da Bahia Blancako Union Vascan 2017ko neguko barnetegia, orain arte egin den legez HABE institutua eta FEVA federazioa antolatzaile. Euskararen irakaskuntzarekin lotutako aktibitateak, baina, iganderaino luzatu ziren, asteburuan Irakasleen Topaketa egin baitzen. Astea bukatuta, programaren arduraduna den Kinku Zinkunegirekin solastu gara kurtsoaz eta etorkizuneko helburuez. HABEko teknikariak balantze ezin hobea egin du eta 2019ko azterketetarako espektatiba onenak dituela adierazi du.
“Gogora ekarri nahi dut, HABEk eta FEVAk daramaten Euskara Munduan programaren baitan bi barnetegi egiten direla urtean, udan eta neguan", esan digu. "Hau neguko barnetegia izan da eta barnetegi arrunta izan dela pentsa daiteke; baina bereizgarri batzuk izan ditu. 2015ean Gasteizen egindako Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean Euskara Munduan programari dagokionez erabaki zen garai hartan B1 maila bukatzen ari zen taldea –2013an San Nicolasen hasi zena– B2raino eramatea, estrategikoki FEVAri horrela interesatzen zitzaiolako. Ondorioz, aurtengo martxotik eta 2019ra bitartean gure helburua talde honek B2a lortzea da. Beraz, hau izan da --eta horixe da ezaugarri berezia-- helburu honekin egindako lehenengo barnetegia”, azaldu du Zinkunegik.
“Horrez gain, 2012an Buenos Airesen egin zen deialdian B1 mailako azterketa gainditu zutenek orain talde honekin parekatzeko maila dute talde honetara bilduta. Horrek esan nahi du taldea berregituratu egin dugula, eta talde berregituratu honen lehenengo barnetegia izan dela. Eta esan behar dut taldekideak ezin hobeto egokitu direla; elkarrekin oso ondo funtzionatu dute eta aste osoan erabateko euskal giroa lortu dute. Euskaraz bizi izan dira denbora guztian, arlo guztietan, otorduetan, eztabaidetan, harreman pertsonaletan eta, zer esanik ez, klasean. 2019ko uztailean Argentinan egingo dira maila egiaztatzeko eta horietara aurkezteko ari dira lanean”.
Materiala eta irakasleen topaketa
“Barnetegi irakasle, ohiturari jarraituz, Argentinan trebatutako bi irakasle aritu dira eskolak ematen. Oraingoan, Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko Irene Lopez de Vicuña eta Azulgo Cecilia Cenoz izan dira eskola-emaile. Materiala, berriz, Maizpiden prestatu eta bidali digute”, baitetsi du teknikariak.
“Larunbat eguerdian barnetegia bukatu eta segidan Irakasleentzako Jardunaldiekin hasi ginen”, jarraitzen du Zinkunegik. “Eta horrekin lotuta azpimarratu nahi dut orain arte egin diren trebakuntza jardunaldi hauetan hau izan dela lehenengo aldia den-dena euskaraz egin duguna. Gainerakoetan, hizkuntza nagusia euskara izan bada ere, beti bazegoen norbait laburpentxo bat gazteleraz egin behar geniona… oraingo honetan, ez; ondo moldatu dira guztiak euskara hutsean”.
“Jardunaldietan ebaluazio-irizpideak bateratzeko saioak egin ditugu. Hemen Argentinan orain arte ez geneuzkan irizpideak edo terminologia bateratuta eta orain batetu dira, Euskal Herriko aztertzaileek egiten duten bezala: idazlan ezberdinak eta ahozko azterketak hartu ditugu eta guztion artean baloratu ditugu; oso ariketa egokia izan da eta gainera oso baliagarria, irakaskuntzan arituko den jendearentzat”.
Barnetegiaren egoitza izan den euskal etxeari buruz ere esker oneko hitzak izan ditu Zinkunegik: “Aspaldi batean egin genituen zenbait barnetegi Bahia Blancan, baina badira igoal 10, 12 urte azkenekoa egin genuela eta pozgarria izan da Bahia Blancara itzultzea. Euskal Etxea erabat irekia egon zen guretzat, etxean bezala sentiarazi gaituzte… etxekoak bezala zaindu gaituzte. Bertako jendea etengabe agertu da laguntzeko prest eta horregatik eskerrak eman nahi nizkieke barnetegia Bahia Blancan egitea bideratu zutenei eta baita Bahia Blancako Euskal Etxeari ere”.
HABEren ordezkariak aipatu du azkenik hau izan dela seguruenik HABE Institutua kudeatzaile egin den Euskara Munduan programaren azken barnetegia, datozen hilabeteetan programa Etxepare Institutuaren ardurapera pasatuko baita.