euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atzo Baionan bukatu Korrika 18k izan du oihartzun eta ekarpenik baita ere Argentinako euskaltzaleen artean

2013/03/25

Korrika 18 Argentinako hainbat bazterretaraino iritsi da. Horietako bat Buenos Aireseko Dorrego Plaza, San Telmo auzoan (argazkiaEuskaltzaleak)
Korrika 18 Argentinako hainbat bazterretaraino iritsi da. Horietako bat Buenos Aireseko Dorrego Plaza, San Telmo auzoan (argazkiaEuskaltzaleak)

PUBLIZITATEA

Atzo amaitu zen Baionan martxoaren 14an Andoainen hasi zen Korrikaren 2013ko edizioa. Euskararen alde egiten den ekitaldi honek, ordea, oraingoan ere Euskal Herriaren mugak gainditu eta mundu osoko euskaltzaleak atera zituen kalera, lasterketaren lekukoa eskuan. Argentinan –Euskara Munduan HABEko programaren jaioterrian- indar handia hartu du, hainbat ekintza bildurik. Ez da ahaztu behar, hala ere, Necocheak pare bat aste barru ospatuko duela Korrika. Artikulu honetan, Bahia Blancako Union Vasca, Buenos Aireseko Eusketxe eta Euskaltzaleak, eta La Platako Unibertsitateko irakurlegoen ekimenen argazki eta bideoak.

Bahia Blanca, Argentina. Martxoaren 15ean iritsi zen Korrika Bahia Blancara. Bertan hiru geldialdi egin zituzten Union Vasca euskal etxeko eta Universidad del Sur-eko irakurlegoko ikasleek, Unibertsitateko Kultur Etxean, hiriko Etxe Historikoan eta Union Vascan.

Korrika 18 Bahia Blancan 2013 01

[Unibertsitateko Kultur Etxean txalapartaren soinuak iragarri zuen Korrikaren iristea. Irakurlegoko ikasle den Mariano Dupuy lizartarrak eraman zuen lekukoa: zurezko makil landuan, Argentinako bandera eta ikurriña ‘Bahia Korrika’ isotipoak lotuak. Etxeko patioan, Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea' olerkia eta Txillidaren “Gure aitaren etxea” irudia abiapuntu hartuta euskaldunen nortasunaz mintzatu ziren bildutako lagunak. Ondoren, Lagunarte taldeak abesti batzuk egin zituen, tartean “Guk euskaraz” eta korrikarako propio sortutako “Bahian, Korrikarekin bat!” (argazkiaEE)]

Korrika 18 Bahia Blancan 2013 02

[Bigarren helmuga, Etxe Historikoan izan zen, Universidad del Sur-eko aurreko egoitzan. Euskara ikasle, Beti Aurrera dantza taldeko kide eta Lagunartean abesbatzako aitzindari Elsa Lydia Jtten-ek izan zuen zati honetan lekukoa eramateko ardura. Hemen, Donostiako danborrada jo zuten Union Vascako danborrek eta kupelek (argazkiaEE)]

Korrika 18 Bahia Blancan 2013 03

[Gaua iritsita, azken geldialdira abiatu ziren Bahia Blancako korrikalariak, 'Gau ibilera' joz. ‘Duintasunez hazteko, jatorriaren bila goaz. Zer da inportanteena? Olerkiak dion bezala: nortasuna mantentzea. Nork mantentzen du? Haurrek! Horrexegatik lekukoa beraien esku utzi genuen. Urko Ederra, Euskal Herrian jaiotako Union Vascako txikiak eraman zuen, gainerakoek lagundurik’ adierazi digute Bahia Blancatik. Euskal Etxean dantzariek ongietorria eman zioten Korrikari eta bildutako guztiek afaria partekatu zuten. Honelakoetan ohi bezala, “Aurreztu euskaraz” lelopean, euskaraz erosi zutenek kostua baino ez zuten ordaindu. “Gure kultura gozatu dugu, hurbildu zaizkigunekin lotura berriak egin ditugu, baina batez ere Euskal Herriko hizkuntzak eta kultura zabalak landua eta gozatua izatea merezi dutela erakutsi dugu" adierazi dute Bahia Blancatarrek euskaraz (argazkiaEE)]

Korrika 18 Buenos Airesen

Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak Korrika Kulturala burutu zuen joan den martxoaren 16an Euskal Herrian egiten den ekitaldiarekiko atxikimendua adierazteko. Korrika Kulturalaren baitan, arte erakusketa, dantzak eta afari eder bat partekatu zuten Eusketxeko lagunek

Korrika 18 Eusketxen 2013 04

[Eusketxeko lehendakari Maria Elena Etcheverryk eman zion hasiera topaketari Lizarraenean. Ongietorria eman ondoren, Korrikak zer garrantzia duen euskaldunentzat azaldu zuen Etcheverryk. Segidan, Claudia Giaccoberen ‘Euskal Emakumeak’ izeneko arte erakusketa inauguratu zuen etxeko nagusiak, Giaccoberen pinturak, 2011an Koldo Zabalondok emandako izen bereko hitzaldian daudela inspiratuta jakinaraziz (argazkiaEE)]

Korrika 18 Eusketxen 2013 04b

[Korrika 18ren bideo ofiziala proiektatu eta gero, Ekin Dantzari Taldeak "Antxigorrak” eskaini zien Mexico kaleko egoitzara bertaratu zirenei (argazkiaEE)]

Korrika 18 Eusketxen 2013 05

[Afaltzeko orduan, denen gustuko menua zerbitzatu zen: pintxoak, txorizoa sagardo erara eta madariak ardoarekin. Afalostean, berriz, euskal dantzak eta mundu osokoak ere dantzatu zituzten bildutakoek. Eusko Kultur Etxea-ko lagunek esker beroak eman nahi dizkiete ekitaldian parte hartu zuten guztiei, bereziki Askatasunaren Bidea elkarteko euskara tailerreko ikasleei (argazkiakEE)]

Biharamunean, ostera, Euskaltzaleak Euskaltegikoen txanda iritsi zen, eta lasterketa Buenos Airesko kaleetan martxoaren 17an pasatu zen. Bernardo de Irigoyen kaleko egoitzan hasi ziren prestaketak arratsaldeko 4etan eta hortik San Telmo auzora joan ziren korrika Buenos Aireseko euskaltegiko ikasle eta irakasleak.

[“Ttipi Ttapa, Ttipi Ttapa Korrika!”, “Argentinan ere euskararen alde!” eta “Ika ika ika hona dator korrika!” leloak abestuz atera ziren euren etxetik Euskaltzaleak-eko lagunak. Lasterketa Defensa kaletik Plaza Dorregora iritsi zen, euskararen aldeko mezua zabalduz. Bideoan ikus daitekeen bezala, “Eman euskara elkarri” proposamena Buenos Aires sakonera iritsi eta ikurriña turista eta tango dantzarien koloreekin nahastu zen. Atzera egoitzara heltzean eta ekintza bururatzeko, Itzuli Olinpiko bat eman zioten euskaltzaleek egoitzaren aurreko Alfonso Rodriguez Castelao Plazari (bideoa EE)]

Baita La Platan ere

‘Korrika badator, Txe’ izenarekin antolatu dute La Platako Unibertsitateko Irakurlegoko lagunek Korrikaren aurtengo edizioa. Buenos Aires probintziako hiriburuan bi geldialdi izan zituen AEK-k sortutako egitasmoak, bata euskal etxean eta bestea, Moreno Plazan.

 

[Martxoaren 21ean gauzatu zen Korrikaren lehenengo zatia La Platan. Euzko Etxea euskal etxean. Izan ere, Korrika Poteoa eginez abiarazi zuten euskara ikasle eta irakasleek. Biharamunean, ostera, Moreno Plaza izan zen topagunea. Bertan ekin zioten gazteek korrika egiteari. Ikurriñak, Korrika 18ren leloak eta euskarazko mezuak gailendu ziren La Platako Katedralaren plazan (bideoaIL)]

Eta ez da ahaztu behar, aurtengoan Necocheako Euzko Etxeko lagunek martxoaren 30ean egingo dutela Korrika, asteburu osoan eta aldi berean Aberri Eguna ere ospatuz antolatu duten egitarau barruan. Nahi duena, beraz, bertaratzeko garaiz egon daiteke!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia