Ez zen besterik espero, eta halaxe atera da pasa den uztailean NABOren 2017ko Biltzar Nagusi eta Euskal Festa: gogoangarri, Estatu Batuetako gainerako herri eta estatuetako euskaldunek ondo gogoan baitzeukaten duela sei urte Buffalon bertan egin zen 2011eko Biltzar Nagusia, eta orduan ere buffalotarrek --euskaldunek zein ez-euskaldunek-- bisitari eta partaide guztiei eman zieten ongietorri eta harrera bero eta arras abegikorra.
Buffalo, Wyoming, AEB. Uztailaren 20-24ra Wyoming-eko Buffalok 2017ko NABO Biltzar Nagusia eta Besta Handia bildu du. 2011 izan zen Buffalok nazio mailako halako besta handia bildu zuen azken aldia eta aurtengora ere milaka jende bildu dira, arrakasta polita lorturik.
Musika taldeetan, Euskal Herriko Errebal (Gipuzkoa) eta Xabi Aburruzaga (Bizkaia) izan dira partaide eta Estatu Batuetako Amerikanuak (Utah, Kalifornia...), Mercedes Mendive (Elko, Nevada) eta Ospa (Buffalo berekoa). Dantzarien artean, Utah-ko Triskalariak (Salt Lake City), Oinkari (Boise), Zazpiak Bat (San Frantzisko), Gauden Bat (Chino), Zazpiak Bat (Reno), Arinak (Elko), Zaharrer Segi (Buffalo)...
Baita ere Txantxangorriak trikitixa, pandero eta alboka eskola (Boise)... Bertsolariak, Jesus Goñi (Reno) eta Martin Goicoechea (Rock Springs)... Kaliforniako aizkolariak, Tellechea... artista, dantzari eta musikari andana, guztia jendearen gozagarri.
NABOk Buffalon egin du bere Biltzar Nagusia, eta hauteskundeak. Orain arteko lehendakari Valerie Etcharren Arrechea ez da aurkeztu eta, beraz, lehendakari berria hautatu dute, Boiseko Euskal Museoko zuzendari den Annie Gavica.
Esku-zarta handi baten ondotik pasatu dio Valeriek agintari makila, berak lehendakariorde gisa segitzen duelarik. Omenaldiak ere izan dira eta NABOk bere Bizi Emankorra saria eman die Utah-ko Nancy Trevino-ri eta Jean (Maitia) Flesher-i; baita ere Buffaloko KBBS euskarazko irratsaioa egin zutenei eta Buffaloko Jean eta Alberta Escoz senar-emazteei, beti ere euskaldunen eta euskal kulturaren alde egin lan azkarrarengatik.
Lehenengo irudi sorta: