Buffalo, AEB. Buffaloko Ospa bandak bere euskal musika errepertorioa aurkeztuko du Wyoming-en urtarrilaren 5ean hasi eta 15ean amaituko den biran, Wyoming Cultural Trust Fund and Worlds of Music erakundea laguntzaile. Biraren egitarauak musikari buruzko hitzaldi eta azalpenak eta erromeria musika entzuteko aukera emango du, baita Joxe Mari Iparragirreren abestiak ere. Izan ere, Ospako liderra den David Romtvedt-ek Iparragirre oso hurbiletik ezagutzen duen pertsona da, eta haren kantuak ingeleseratu eta libururatu ditu ingelesez.
Portland Oregonen jaioa, Romtvedtek iturri askotatik edan duen artista da eta poesia, eleberria eta mundu osoko folk musika jo eta plazaratu izan duen unibertsitate-irakaslea da, alderdi horiek guztiak zinez eta engaiamendu handiz lantzen dituena. Hainbat libururen egile, urte andana da Buffalon bizi dela, harreman estuan bertako euskal komunitatearekin eta herriko Big Horn Basque Club euskal etxearekin, eta bertako Zaharrer Segi euskal dantzarien soinujotzaile. Euskara ere ikasi zuen, eta euskara irakatsi zuen, horretarako Estatu Batuetan eta Euskal Herrian trebatua.
´The Tree of Gernika'
2021ean, David Romtvedt-ek, Xabier Irujorekin batera, Iparragirreren bertso eta abestiak ingelesera itzuli, eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak “The Tree of Gernika, Gernikako Arbola, complete poems-bertsoak” izenburupean argitaratu zituen. Iparragirreren bizitzak eta obrak erakarrita, Romtvedt haren abestiak interpretatzen hasi zen eta Ospa bandako errepertoriora sartu zituen. Taldekide ditu Caitlin Belem, ahotsean, biolinean eta saxo altuan; Margo Brown, perkusio eta ahotsean; Kevin Carr, biolinean, biolan, alboka eta panderoan; eta Daniel Steinberg, pianoan. Davidek, abesteaz gain, trikitixa eta akordeoi diatoniko desberdinak jotzen ditu taldean.
“Urtarrileko biran, Iparragirreren abesti batzuk joko ditugu, hala nola Gernikako Arbola, Gazte gaztetatikan, Zugana Manuela, Hara non dira, eta Gitarra zahartxo bat”, azaldu dio musikariak EuskalKultura.eus-i. Emanaldietan, gainera, bardoari buruz komentatu eta hitz egingo du, haren bizitza, bidaiak eta erbestea ezagutaraziz. Errepertorioa osatuko dute Iparraldeko jauziek, fandangoek eta arin-arinek, eta dantzatzeko euskal kanta eta musikak. “Errepertorioa kontzertuaren arabera aldatuko dugu: Rock Springs-en, adibidez, hemen tradizionalki gehien jotzen diren abesti eta dantza-doinu gehiago joko ditugu, euskaldun etorkin komunitate handiagoa dagoelako”.
BIRAREN PROGRAMA
-Urtarrilaren 5ean, osteguna, Gilleten: 19:30etan, Campbell County Rockpile Museum
-Urtarrilaren 6an, ostirala, Sheridanen: Sheridan High Schooleko ikasleekin topaketa;
19etan kontzertua Kendrick Mansion Carriage Housen
-Urtarrilaren 9an, astelehena, Buffalon: 12:45etan, Buffalo Senior Center;
19:30etan, Johnson County Library
-Urtarrilaren 10ean, asteartea, Laramien: 19:30etan, Albany County Library
-Urtarrilaren 11n, asteazkena, Casperren: 18etan, Casper College
-Urtarrilaren 12an, osteguna, Yellowstonen: Kelly Walsh High Schooleko ikasleekin topaketa;
19:30etan kontzertua Lyric Theaterren
-Urtarrilaren 13an, ostirala, Cheyennen: 19:30etan, Clay Paper Scissors Gallery
-Urtarrilaren 14an, larunbata, Rock Springsen: 19:30etan, Broadway Theater
-Urtarrilaren 15ean, igandea, Jacksonen: 19etan, Jackson Hole Center for the Arts