euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buffaloko muslariak Big Horn Basque Club elkarteko txapelketan lehiatu ziren; Mick eta Jason Camino irabazle

2009/02/13

Wyomingeko Buffalon partida jokatzen (argazkia Buffalo Bulletin)
Wyomingeko Buffalon partida jokatzen (argazkia Buffalo Bulletin)

PUBLIZITATEA

Jakina da musean jokatzea euskal Diasporaren pasioetako bat dela eta Big Horn Basque Club elkartea, Wyomingeko Buffalon (AEB), horren adibide da. Joan den igandean elkarteko mus txapelketa jokatu zen eta egun osoan zehar zortzi bikote lehiatu ziren txapela nork lortuko. Askok gurasoekin mendian ardiak zaintzen ari zirela ikasi zuten jokoa. Beste batzuk herrian. Orain, musarekiko grina gazteei pasa nahi diete eta lortzen ari dira emeki. 'Ausarta izatean oinarritzen den jokoa da eta azken unea arte, nahiz eta karta txarrak izan, irabaz dezakezu', azaldu diote bertako Buffalo Bulletin kazetari.

Buffalo, AEB. Big Horn Basque Club elkarteak joan den igandean egin zuen bere urteroko mus txapelketa eta hainbat orduz euskarazko esaldi laburrak baino --enbido, eduki, ordago, paso...-- ez ziren entzun bertan. Txapeldunak Mick eta Jason Camino osaba-iloba izan ziren, euskal elkarteko kideak eta muslari finak, Buffalo Bulletinen esanetan. Uztailean Kaliforniako Chinon egingo den NABOren Txapelketa Nazionalean parte hartuko dute, Buffaloko ordezkari.

Gustukoa dute musa Buffaloko euskaldun zaharrenek, baina zaharberritzeko ordua ere heldua da. 'Gure jokalari beteranoetako asko hiltzen ari dira, orain dela mende bat baino gehiago hasi zen euskal jendea Buffalora etortzen eta gure kultura eta moldeak urtzen ari dira hemengo gizartean', azaltzen du bertan jaioa eta baxenabartarren ondorengoa den Mick Caminok. 'Nire ustez oso garrantzitsua da jendeak musean ikastea'. 'Eusko Jaurlaritzak gure kultura mantendu eta zabaltzen laguntzen digu'. Baita musa ere, 'nire ustez, gainera, familiarekin denbora pasatzeko era oso ona baita'.

Dena jokatu

'Ikastea erraza da oso', dio Caminok. Bera hogei urtez ibilia da musean. 'Onena zera da, berdin diola partidan oso gaizki bazoaz ere, enbido handi bat egin eta irabazteko aukera izaten jarraitzen duzu-eta'. Big Horn Basque Cluben, eta AEBetako beste hainbat euskal etxetan, gazteentzako ikastaroak egiten dira. 'Gazte talde bat bildu, eta irakatsi egin nahi diegu', azaltzen du klubeko kide den Daniel Escozek. [Gaztetxoentzako txapelketa antolatu dute baita ere. Hor, Baileigh Rodriguez eta Tommy Fieldgrove bikoteak lortu dute txapela, Ana Fieldgrove eta Michaela Rodriguez-en aurka]

Ikasteko erari buruz, baina, ez datoz bat Camino eta Escoz. Caminorentzat 'jokoa ez da zaila ingelesez ikasiz gero'; Escozek aldiz, murgiltze edo 'immertsio' metodoa nahiago du: 'Nik orain dela 20 urte ikasi nuen, aitarekin artzain nenbilela. Nire ustez errazagoa da hasieratik euskarazko hitzekin ikasi eta hasieratik dena ondo egitea'. 

Konplizitatea eta azerikeria

Bikoteak berebiziko garrantzia du joko honetan. Mick Camino eta bere kide muslari Jason Caminoren kasuan, elkarri lagundu egiten diote. 'Ni jokalari eroagoa nahiz, arriskuak hartzen ditut, eta Mick aldiz zuhurragoa da', azaltzen du Jasonek. Jokoaren beste giltzarri bat harrokeria da. 'Plantak egitea jokoaren zati handi bat da', azaltzen du Jasonek. 'Esku txar bat dudanean ni indartsu ateratzen naiz, besteak kikildu nahian, nahiz eta batzuetan gaizki ateratzen den'. 

Jokoaren beste ezaugarri bat kideek elkarri ze karta duten zeinu bidez esan diezaioketela da. Baina keinuak finkoak dira, eta aurkariek ikusiz gero, akabo. Azerikeria eta adorea biltzen dituen jokoa, musa. Euskal Herrian ezezik, Euskal Herritik kanpo ere zabaldu dena, besteak beste Diasporako hainbat herrialdetara, tartean Estatu Batuko West sakona den Buffalo Wyoming-era.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia